Igoin Pikabea Gipuzkoako aizkolari gazteen txapeldun, etxekoen aurrean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 24a, 00:00

Igoin Pikabeak ez zien aukerarik eman aurkariei.

Bederatzi minutu eta 30 segunduko denbora egin zuen, bi kanaerdiko eta 45 ontzako bi enborreko lanean.

Igoin Pikabea ereñotzuarra Gipuzkoako Aizkolari Gazteen txapeldun berria da, Ereñotzun bertan igandean txapela jantzi eta gero. Etxekoen aurrean nagusitu zen Pikabea, lan bikaina eginda, auzoko pelotalekuan. Bederatzi minutu eta 30 segundu behar izan zituen lau enborrak mozteko. Bi kanaerdiko eta 45 ontzako bi enbor moztu behar zituzten aizkolariek, eta ereñotzuarra erraz gailendu zen, Unai Etxeberria (11:31) ezkiotarraren eta Kimetz Oñederra (14:07) hernaniarren aurretik.

Bi minutu eta segundu bateko aldea atera zion Etxeberriari, eta lau minutu eta 37 segundu bere egunik onena izan ez zuen Oñederrari. Jende asko bildu zen pelotalekuan, eta ikusleen animoek lagundu zuten Igoin Pikabeari, hasieratik. Lehendabiziko 45 ontzako enborraren aurreneko erdian, batera eman zuten buelta hiru aizkolariek, baina Pikabea izan zen lehena mozten. Aurrea hartu zuen horrela, eta abantaila haunditzen joan zen saioak aurrera egin ahala. Ez zuen ahul unerik izan inongo momentutan.

Pasa den ekainean hiru aizkolari berberak lehiatu ziren Urrezko Aizkolarien txapelketako finalean, 18 urtez azpikoetan, eta orduan Pikabea nagusitu zen arren, aldeak askoz ere txikiagoak izan ziren hiru aizkoalrien artean. Horrek esan nahi du hobekuntza nabarmena izan duela ereñotzuarrak, azken lau hilabeteetan.

  

Erakustaldia neskek, aizkoran eta harrijasotzen

Finalaren aurretik, emakumezkoen aizkora eta harrijasotze erakustaldia izan zen, Malen Barrenetxea, Ane Zapirain, Udane Ostolaza eta Maddi Gesalagarekin. Aizkora lanak eta harrijasotze lanak nahastu zituzten: alde batetik Barrenetxea eta Zapirain aizkolariek, eta bestetik Ostolaza eta Gesalaga harrijasotzaileek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!