Garaipen haundia CD Hernaniko mutilek, eta porrot mingarria neskek

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 24a, 00:00
Aimarren erdiraketek min egin zuten.

3-0 nagusitu dira mutilak Urolaren aurka. Neskek azken minutuan galdu dute Zarautzen.

Asteburu gazi-gozoa izan dute bailarako talde nagusiek. CD. Hernaniko mutilek Zubipen garaipena lortu zuten, larunbata arratsaldean, Urolaren aurka. 3-0 irabazi zuen Hernanik eta markagailua argia izan arren, aurreneko zatian galtzak bete lan izan zituzten hernaniarrek. Nagusi izan ziren etxekoak lehendabiziko 45 minututan, baina aukerak ez zituzten baliatu bisitarien atezainaren lan onaren ondorioz. Bigarren zatian, nagusitasun hori golekin gauzatu zen. Xabat Etxandiak bi aldiz zulatu zuen Urolaren atea eta Peiok lortu zuen beste gola. Garaipen garrantzitsua da txuri-berdeentzat. Etxean lortzen duen hirugarren garaipena da eta goiko postuetan kokatu dira hernaniarrak. Bolada onari heldu diote hernaniarrek azken sei partiduetan hiru garaipen eta hiru berdinketa lortu eta gero.

Bolada onari eutsi ezin izan diona nesken talde nagusia izan da. Euskal Ligako norgehiagokan porrot mingarria jaso zuen hernanik. 89garren minutuan bana berdintzen zuen Hernanik, Zarautzen aurka, Astiko zelaian, baina 90garren minuturako minutu baten faltan iritsi zen zarauztarren bigarren gola. 

Beste behin hernaniarrak ezin hobeto lehiatu ziren eta azken bost jardunaldietako maila kasualitatea ez dela erakutsi zuten talde sendoenetako baten aurka. Zarautz hirugarren postuan dago kokatuta sailkapenean eta markagailuan aurreratu zen 44garren minutuan Jugatx Adurizen golarekin. Atsedenaldira iristeko minutu bat bakarrik falta zen.

Bigarren zatiaren hasieran Hernanik berdinketa lortu zuen 54garren minutuan Garai Lizarragaren golari esker. Gol ikusgarria izan zen. Ezker hegaletik bakarkako jokaldi zoragarri baten ondoren, Lizarragaren areaz kanpoko jaurtiketak ateko armiarma sareak garbitu zituen. Bi taldeek aukera garbiak izan zituzten bigarren zatian, baina zarauztarrek lortu zuten 2 eta 1ekoa azken minutuan, bisitarientzako zorigaiztoko jokaldi batean.

 

Mundarrok 0-1 galdu zuen etxean

Mundarrok ezin izan zuen golik sartu larunbatean Zarkumendegin eta 0-1 galdu zuen Hondarribiren kontra. Oraindik eta hobeto sailkatzeko aukera galdu zuten astigartarrek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!