'Ni prest nago, eta Gipuzkoa?' kanpaina martxan jarri du Atzegik

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 23a, 00:00
Gipuzkoako Foru Aldundian aurkeztu zuten kanpaina.

Atzegik adimen desgaitasuna duten pertsonentzat enplegu publikorako deialdi gehiago eskatu ditu.

Ni prest nago, eta Gipuzkoa? kanpaina martxan jarri du 2023rako Atzegik. Aurtengo kanpainarekin adimen desgaitasuna duten pertsonek enplegu publikoko plazak eskuratzeko duten eskubidea aldarrikatu nahi du. Maite Peña, Zainketetako eta Gizarte Politiketako Aldundiko diputatuak, Ander Aizpurua, Kutxa Fundazioko zuzendari nagusiak, Josean Idoeta, Atzegiko presidenteak eta Patricia Ayo, Atzegiko Zerbitzuko eta Familiei Laguntzeko arduradunak eta kanpainaren koordinatzaileak, datorren hilabetean egingo diren ekintzen helburua azaldu zuten prentsaurrekoan.

Gainera, aurtengo karteletako protagonistetako bat ere hurbildu zen prentsaurrekora, Victor Lumbreras, oposizioetan aritua.

Gizartearen gehiengoak ez daki legez enplegu publikoko plazen %2 desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat gordeta egon beharko liratekeela. Josean Idoeta Atzegiko presidenteak azaldu duenez, «gaur egun oraindik ezezaguna da jende askorentzat, eta oraindik ere gutxi dira deialdiak egokitzeko benetako ahalegina egiten duten erakundeak». Hala ere, Idoetak nabarmendu nahi izan zuen «azken urteotan gauzak aldatzen ari direla ikusi dugu eta administrazio batzuk eskubide hori egi bihurtzen ari dira. Beraz, bultzada aprobetxatu nahi genuke, eta beste administrazio batzuk animatu urrats bera ematera».

Bestalde, Maite Peña Gipuzkoako Foru Aldundiko Zaintza eta Gizarte Politiketako diputatuak eskerrak eman zizkion Atzegiri, desgaitasuna duten pertsonen aukera-berdintasunaren alde egindako «lan goraipagarriagatik». Zentzu horretan, diputatuak «eskutik helduta aurrera egiten jarraitzearen» alde egin zuen, «gero eta aukera gehiago sortzeko».

Diputatuak gogorarazi zuen Gipuzkoako Foru Aldundia «aitzindaria» dela desgaitasun intelektuala duten pertsonentzako LEP bat martxan jartzen.

 

Kanpaina amaitzeko, ekitaldi bat egingo da gaur Antzoki Zaharrean

Gipuzkoako eskualde guztietan aurkeztuko den kanpainarako aurreikusitako ekintzen artean, Atzegiko familiek 4.000 kartel jarriko dituzte Gipuzkoa osoan, Donostialdeko markesinetan ere ikusi ahal izango direnak. Halaber, ikus-entzunezko bi pieza ere prestatu dira.

Kanpainaren amaierako ekitaldia gaur izango da, 18:30ean, Donostiako Antzoki Zaharrean. Kanpaina aurkezteaz gain, azken urtean bizitako guztia errepasatzeko atzera begiratuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!