Muniskuegañeko multzo megalitikora, igandean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 23a, 00:00

Dolmenak, cromlechak, zilegimendiak, saroiak, zuhaitz lepatuak, leku-izenak... ezagutzeko aukera eskaintzen du Arditurriko Parketxeak.

Iganderako, Arditurriko parketxeak Muniskuegañera joateko irteera antolatu du. Goizeko 10:00etan jarri dute hitzordua, Besabin. Bertatik aterako dira, eta amaiera eguerdiko 13:30etan izango da, toki berdinean. 14 urtetik gorakoentzat antolatu da, ibilaldia erraza izango da eta 6 euroko prezioa du irteerak, gainera aldez aurretik izena eman behar da telefono hauetara deituta: 943 49 50 69 edo 688 895 068 edota arditurri@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzita.

Antolatzaileek aditzera eman dute, Muniskuegañako multzo megatiltikoa ikustea dela helburua, eta irteera hau Luis Mari Zalduak zuzendua izango da. Halaber, diote, Muniskuegañeraino iristeko bidea erraz eta egokia dela: «edonork egiteko modukoa. Alde horretatik ez dago aitzakiarik».

Gutxi dira Gipuzkoan Muniskuegaña (Mulisko gaña) bezain toki kitzikagarriak. Lehenik eta behin, kokapenarengatik eta handik dagoen ikusmirarengatik; izan ere, besteak beste, behinola Urumeako Zilegimendiak izan zirenen zati haundia bertatik bertara ikusten da handik, gertu-gertu, esku-eskura. Hango mendiak, basoak, larretokiak, errekak….

Bigarrenik, Muniskuegañan dagoen multzo megalitikoarengatik: zutarri bikaina, zista bikoitz paregabea, hiru cromlech, zein baino zein dotoreagoak… Leku gutxitan dago horrelako arkeologia ondarea hain eremu txikian. Gainera, azken urteetan Hernani eta Urnietako udalek egindako ahaleginari esker, oso zaindua dago multzo guztia. Alde horretatik, atentzioa ematen du, zorionerako eman ere.

Haraino iristeko bidea ere ez da hutsala. Paisaia zoragarriaz gainera (itsasoa eta Beterriko zati handia ikusten da hainbat puntutatik), bidean zuhaitz lepatuekin, saroiekin, betizuekin eta beste hainbat altxorrekin goza daiteke.

Eta, jakina, ezin ahaztu bide erdian dagoen Pozontarriko lepua izeneko dolmena. Aztarna horiek guztiak behinola Urumea bailarako zilegimendiek abeltzaintzarren eta basolangintzaren arloan zuten garrantziaz mintzo dira. Nornahiri hautatzen zaizkio begiak horretaz guztiaz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!