Gaur arratsaldean jokatuko dute bailarako hiru futbol talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 21a, 00:00

Urolaren aurka jokatuko dute Ohorezko Erregional mailako mutilek, Zubipen.

Etxean arituko dira Hernaniko eta Mundarroko mutilak, eta Zarautzen Euskal Ligako neskak. 

Gaur arratsaldean jokatuko dituzte asteburuko partiduak bailarako hiru futbol talde nagusiek. Jardunaldi gogorra izango da gaurkoa, eta bolada onari jarraipena emateko edo erregulartasuna lortzeko helburuarekin zelairatuko dira jokalariak. 

Jokatzen lehenengoa Euskal Ligako taldea izango da. Mikel Mancisidorren neskek emaitza bikainak lortu dituzte lehenengo jardunaldietan, sei partidutan hiru garaipen, bi berdinketa eta porrot bat jaso dituzte. Segituan hartu diote neurria maila berriari, eta horri jarraipena ematera joango dira gaur Zarautzera. Arratsaldeko 15:30etan hasiko da Zarautzen eta Hernaniren arteko partidua, Asti Txiki zelaian. Zarauztarrak sailkapeneko bigarren postuan daude, azken bost partiduak nagusitasun haundiarekin irabazi dituzte, eta gol gehien sartu dituen taldea da (26). Hortaz, erronka polita izango da berdeentzat. 

Arratsaldeko 16:00etan hasiko da Ohorezko Erregional mailako mutilen partidua. Zubipera itzuliko dira berdeak, eta Urolaren bisita jasoko dute. Oraindik sendotasuna eta erregulartasuna falta du taldeak, eta etxeko partiduak irabaztea garrantzitsua izango da konfiantzari eusteko. Hernaniren egoera antzekoan hasi du denboraldia Urolak; azken jardunaldian 0-2 galdu zuen etxean Mutrikuren aurka. 

Zarkumendegira bueltan dira moreak

Bi aste etxetik kanpo jokatzen igaro ondoren, Zarkumendegin jokatuko du gaur Mundarrok. Arratsaldeko 17:30etan hasiko da moreen eta Hondarribiaren arteko partidua. Astigartarrek 1-2 irabazi zuten aurreko asteburuan Lengokoaken aurka, eta sailkapeneko bosgarren postuan daude, hiru garaipen eta bi porrotekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!