Bederatzigarren postua eta marka pertsonala Lur Oconek, Espainiakoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 21a, 00:00
Lur Ocon (erdian) oztopoetako bat gainditzen, Espainiako Txapelketan.

Hernaniarrak 4:36 denboran osatu zuen 1.500 metroko oztopo proba, 16 urtez azpikoetan, Gijonen.

Denboraldi borobila osatuta, Espainiako Txapelketan aritzeko marka lortu zuen Lur Ocon hernaniarrak, 16 urtez azpikoetan; eta urrian jokatu berri da txapelketa, Gijongo atletismo estadioan, Asturiasen. Euskal selekzioarekin aritu zen Ocon, eta lan ederra osatu zuen, 1.500 metroko oztopo proban: bere marka pertsonala hobetu zuen, 4:36 denborarekin; eta bederatzigarren sailkatu zen, adin horretako estatuko 17 atleta onenen artean. Hori horrela, bizitakoarekin eta egindako lanarekin «oso pozik» geratu da CD Hernaniko atleta. 

 

Donostiako Klasikoan bihar, bailarako korrikalari ugari

Atletismo pistatik kanpo, asfaltoko herri lasterketetan dabiltza Urumea bailarako beste korrikalari asko, urte garai honetan. Asteburu honetan ere izango dituzte hainbat hitzordu, eta Donostiara joango dira gehienak. Izan ere, 15 kilometroko Klasikoa jokatuko da bihar, askok Behobia-Donostiarako prestaketa edota azterketa gisa baliatu ohi dutena. Goizeko 10:00etan abiatuko dira korrikalariak, Amara auzoko Madril etorbidetik; eta Donostian barrena ibilbidea osatu ondoren, Anoetako miniestadioan izango dute helmuga. 5 kilometroko proba ere jokatuko da, 09:45etan hasita; eta patinetan (10:00), gurpildun aulkietan eta handbiketan (10:10) ere egingo dute 15 kilometroko ibilbidea.

Beste proba batzuk ere jokatuko dira asteburu honetan: Bilboko Gaueko Maratoia gaur, eta Zubiri-Iruñea Maratoi Erdia bihar, esate baterako.

Mendi lasterketei dagokienean, Nafarroan izango da proba sorta ederra, oraingoan: Leyre Trail izango da gaur Esan, eta Caparrosoko Peña Roya Trail eta Antzingo Betagarri Trail jokatuko dira bihar.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!