'10 urte bete-bete' saski berezia, Errigoraren urteurren borobilean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 21a, 00:00
Errigorako kideak eta ekoizleak, eta Ikastolen Elkarteko, AEKko, Sortzeneko eta Agerraldiako kideak, aurkezpenean.

50 euroko saski bakarra osatu dute aurten, «originala, biribila eta biderkatzailea, gure komunitate osoak kanpainarekin bat egiteko». Azaroaren 9ra arte egin daitezke eskaerak. Euskalgintzarako ekarpena izango da %25a.

Martxan da Errigoraren udazkeneko kanpaina, 'Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka'; eta oso berezia izango da aurtengoa, 10garren urteurrena baitu Errigorak. 2013an jarri zuten martxan egitasmoa, «Nafarroako hegoaldekoak propio diren produktuak Euskal Herrian zehar zabaltzeko, eta zonaldeko euskalgintzari ekarpena egiteko» helburuarekin. Ordutik, 10 urtetan, 130.000 saski baino gehiago bete dituzte, eta euskalgintzari 1,8 milioi euroko ekarpena egin, saskiek emandako mozkinekin.

Ostegunean egin zuten aurtengo kanpainaren aurkezpena, Hernaniko Orona Ideon, Errigorako presidenteak eta bi boluntariok, bi ekoizlek, eta Ikastolen Elkarteko, AEK euskaltegiko, Sortzeneko eta Agerraldia ekimeneko ordezkariek. Oraingoan, '10 urte bete-bete' saskia osatu dute, urteurren borobilera propio moldatutakoa: «Hastapenetakoari keinu eginez, 50 euroko saski bakarra osatu dugu; gure komunitate osoak kanpainarekin bat egiteko saskia, hain zuzen. Originala, biribila eta biderkatzailea. Inoiz baino gehiago banatzeko».

Izan ere, Errigoraren komunitatearen argazki erraldoia osatu nahi dute, urteurrena ospatzeko. «Garenak, izan garenak eta izan nahi duten guztiak batu nahi ditugu, hamarkada baten ostean, fase berri bati elkarrekin eta indarberrituta ekiteko», adierazi zuen Natxi Aranburu Errigorako presidenteak. «Bete-beteak izan dira 10 urtetan bildutako lorpenak eta osatutako komunitatea, eta bete-bete sentiarazten gaitu Errigoraren parte izateak, komunitatea emozionatzen duten balioak direlako: zubigintza, ekintza eta ahalduntzea», azpimarratu zuen.

 

Saskiak eskatzeko aukera, azaroaren 9ra arte

Kanpainarekin bat egiteko, azaroaren 9ra arte eskatu daitezke saskiak. Online egin behar da, errigora.eus webgunean; baina zailtasunak dituzten horientzat, herriz herri eskaerak egiteko aukera ere eskainiko dute. 

Saski horretan, 23 ekoizleren ohiko bederatzi produktu ekologiko eta konbentzional jasoko dituzte, nahasian. «Errigora Balioak zigiludunak dira saskietako produktu guztiak», azaldu zuen Ibon Ollok, Aristu upategiko ekoizleak: «Bertako lehengaiez ekoiztuak, nekazariekiko bidezko harremanaz jasoak, gure ekoiztetxeetako euskera planen parte direnak, eta gure eskuak auzolanean aritu direla ziurtatzen dutenak». Eta nabarmendu zuen, era berean, 10 urtetan bizi dutela «ekoizleen familia nola ugaldu den. Bost ekoizlerekin hasi ginen; eta hamarkada honetan, 23 ekoizleko taldea osatzeaz gain, taldean konpromiso konpartituak hartu eta Errigora Balioak bateratzeko pausuak eman ditugu».

Saskiekin bildutako diruaren %25a, euskalgintzarako ekarpe­na izango da, AEK, Ikastolen Elkartea, Sortzen eta Agerraldia ekimenetara bideratuko dena. «Atzera begiratuta, ikusi dezakegu Nafarroa hegoaldeko eta erdialdeko euskalgintzari egindako ezinbesteko ekarpena; 1,8 milioi euro, Ikastolen eta AEKren biziraupena bermatzeko eta hezkuntza sare publikoan D ereduari ateak zabaltzeko», goraipatu zuen Agerraldiako Ibai Sueskunek: «Eta horrez gain, zonaldeko ekimen euskaltzaleen dispertsioak, zulo beltz batek bezala, ahalegin guztiak irentsi ez ditzan, Agerreko euskaltzaleen indarrak batu eta bideratuko dituen tresna erditu dugu, Agerraldia. Ager eremuko euskalgintzarako behar-beharrezko hauspoa da 'Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka' kanpaina».

 

Meme lehiaketa bailaran, Errigorak eta AEKk

Errigoraren udazkeneko kanpainaren baitan, gainera, meme lehiaketa antolatu dute Hernanialdeko AEKk eta Errigorak. 'Errigora' izango da gaia, eta nahi adina meme bidali ahal izango dituzte partehartzaileek, errigorahernanialde@aek.eus helbide­ra. Urriaren 29ra arte dago horre­ta­rako epea. Nahi izanez gero, me­meak sortzeko memeka.eus aplikazioa erabili dezakete partehartzaileek. Jasotako memeak, epaimahaiak baloratuko ditu: Gorka Bereziartuak, Anne Arbelaitzek eta Mikel Gartziarenak osatuko dute epaimahaia.

Bi sari banatuko dituzte meme lehiaketa honetan; Errigoraren produktuekin osatutako bi saski, hain juxtu: bata epaimahaiak aukeratutako irabazlearentzat izango da, eta bestea, berriz, zozketatu egingo dute partehartzaileen artean. Azaroaren 2an egingo dute sari banaketa, Hernanin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!