Udal Legearen zenbait artikulu baliogabetu ditu EAEko Justizia Auzitegiak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 18a, 00:00

UEMA osatzen duten udalerrietako alkateek eta zinegotziek agerraldia egin zuten uztailean.

Bertan behera utzitako artikuluek udalerri euskaldunei eragiten diete gehien. Epaia ez da behin betikoa. 

Atzo goizean ezagutu zen EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak irailaren 28an argitaratutako epaia, eta horren bitartez EAEko Udal Legearen zenbait artikulu baliogabetu ditu auzitegiak. VOX alderdiaren helegitea ontzat hartu du, eta UEMAk salatu duenez, «bertan behera utzitako artikuluek, batez ere udalerri euskaldunei, arnasguneei eta egoera soziolinguistikoaren arabera hizkuntza politika berezitua egitea onartzen zaien udalerriei» eragiten die gehien; horien artean daude Hernani eta Astigarraga. Epaia ez da behin betikoa, eta Eusko Jaurlaritzak 30 eguneko epea dauka errekurtsoa aurkezteko.

Epaiak EAEko Udal Legeko zazpi artikuluri eragiten die, eta haietako batzuk guztiz baliogabetzen ditu. Zehazki, 9.2, 11.1 eta 12 artikuluak baliogabetu ditu, eta UEMAtik azaldu dute, «filtrazioen arabera», 18, 24, 27 eta 36 artikuluen zenbait atal ere baliogabetu dituela.

Euskalgintza, haserre

Epaia ezagutu orduko, euskalgintzan lanean ari diren eragile ugarik adierazi dute haserrea. UEMAtik epaiaren larritasuna eta garrantzia nabarmendu dituzte: «Epaia oso larria da, hankaz gora jarri nahi baitu euskeraren inguruan urte askoan ehundu den adostasuna». 

Halaber, Euskalgintzaren Kon­tseiluak elkartasuna adierazi nahi izan zien epaiak kaltetutako udalerriei: «Elkartasun osoa helarazten diegu epaiak zuzenean kaltetutako udalerriei, UEMAri eta bertako biztanleei. Era berean, Gobernantza Publiko eta Autogobernu sailari eta Kultura eta Hizkuntza Politika sailari babesa agertzen diegu, sententzia errekurritzeko».

Egoera honen aurrean, azaroaren 4an Bilbon egingo den manifestazioaren garrantzia al­darrikatu dute euskalgintzako eragileek, «oldarraldi judiziala salatzeko». 'Oldarraldiaren aurrean, euskararekin bat, euskaraz bat' lelopean egingo dute protesta, arratsaldeko 17:00etan, Euskaldunatik abiatuta.
 

Bigarren kolpea, Udal Legeari

Oraingoa ez da Udal Legearen artikuluak baliogabetu dituzten lehenengo aldia. Uztailaren hasieran Espainiako Auzitegi Konstituzionalera iritsi zen VOXen helegitea, eta baliogabetuta geratu zen 6.2 artikulua. 

UEMA osatzen duten 101 herrietako alkateek eta zinegotziek agerraldia egin zuten epai hura ezagutu zutenean, eta berriro zehaztu dute «lege babesarekin edo gabe euskeraz lan egiten» jarraituko dutela.

BALIOGABETUTAKO ARTIKULUAK

9.2 artikulua:

9. artikulua - Ad intra eskumena.
1. Udalek euskararen erabilera arautu eta sustatuko dute, eta euskararen normalizazioa planifikatuko dute beren eskumen eremuko administrazio organo, zerbitzu eta jardueretan.
2. Hizkuntza plangintzaren helburua izango da udal jarduketak euskaraz egin ahal izatea. Horretarako, neurriak hartuko dira udalek euskaraz funtziona dezaten; bereziki, euskararen arnasguneetan.

 

11.1 artikulua:

11. artikulua - Zehaztapenak eta tresnak.

1. Hizkuntza arloko udal eskumen propioa oinarri hartuta, udalek, dekretu honen esparruan eta bakoitzaren egoera soziolinguistikoaren arabera, honako alderdi hauek aztertuko dituzte, besteak beste:

a) Udal gobernuaren organoen barne funtzionamenduan, hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak.
b)Udal zerbitzuen barne funtzionamenduan, hizkuntza ofizialak ahoz eta idatziz erabiltzeko irizpideak.
c) Herritarrekiko eta beste erakunde batzuekiko ahozko eta idatzizko harremanetan euskarak zer leku behar duen.
d) Dokumentu estandarizatuen hizkuntza formatua.
e) Ekitaldi publikoetan euskarak zer leku behar duen.
f) Hizkuntzak nola erabiliko diren beste administrazio batzuekiko harremanetan.
g) Argitalpenetan euskarak zer leku behar duen.
h) Euskara, hizkuntza paisaian eta errotuluetan.
i) Itzulpenak eta interpretazioak egiteko irizpideak.
j) Sustapen lanean erabili beharreko hizkuntza irizpideak, dirulaguntzen xede diren jardueren helburuak eta ezaugarriak kontuan hartuta.
k)Administrazio kontratazioan erabili behar diren hizkuntza irizpideak.
l) Iragarkietan, publizitatean eta publizitate kanpainetan bete behar diren hizkuntza irizpideak.

 

12. artikulua:

12. artikulua - Hizkuntza ofizialen erabileraren arauketa eta plangintza.

Euskadiko toki entitateek eta Euskadiko tokiko sektore publikoa osatzen duten gainerako entitateek, beren egoera soziolinguistikoa kontuan hartuta, tokiko jardueretan euskara zerbitzu hizkuntza eta lan hizkuntza gisa orokorretan eta normaltasunez erabiltzeko modua antolatu eta arautuko dute, jarraian ageri diren artikuluetan jasotako irizpideekin bat etorrita.

 
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!