Gipuzkoako zerga bilketa metatua %6,6 hazi da irailera arte 2022arekin alderatuta

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 17a, 00:00

Foru erakundeak 2022an baino 224,3 milioi euro gehiago bildu ditu.

Zerga bilketa metatua %6,6 hazi da Gipuzkoan irailera arte, aurreko urteko aldi berarekin alderatuta. Guztira, 3.603 milioi euro bildu dira, hau da, 2022an baino 224,3 milioi gehiago. Sarrera gordinak %3,7 igo dira eta itzulketak %3,9 jaitsi. Zuzeneko zergen bilketa likidoa %10,7 igo da, zeharkako zergak %2,5 eta Estatuarekiko doiketak %0,4 haunditu dira. Jokin Perona Ogasun eta Finantza diputatuak azpimarratu duenez, zerga-bilketari buruzko datuak positiboak badira ere, «egungo testuinguru ekonomikoak zuhurtziaz jokatzera behartzen gaitu».

Zergaz zerga, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergarekin hasita, lan-etekinen atalean 119,8 milioi euro gehiago jaso ditu Ogasunak (+%9,0). PFEZa bere osotasunean hartuta %10,2 hazi da aurreko urtearekin alderatuta, hau da, 138,9 milioiko hazkundea izan da. Bestalde, Sozietateen gaineko Zergari dagokionez, enpresen irabaziak zergapetzen dituen kuota diferentzial garbia 53 milioi hazi da: sarrera gordinak 33,7 milioi igo dira, eta itzulketak 19,3 milioi eurotan gutxitu dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!