Porrota jaso dute Mundarrok eta Hernanik, mutilen bigarren mailan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 17a, 00:00
Hernanik galdu arren, 20 puntu sartu zituen Elizegik.

Etxean jaso zuen porrota Mundarrok, Erroibideren kontra; eta Elgoibarren galdu zuen Hernanik.

Zubia tarteko, atseden hartu dute Gipuzkoako lehenengo mailako taldeek, joan den asteburuan; baina hirugarren jardunaldiko partiduak izan dituzte mutilen bigarren mailakoek. Albiste onik gabe, bailarako taldeen kasuan: porrota jaso zuten Mundarrok eta Hernanik.

Etxean galdu zuten astigartarrek, Erroibideren kontra (46-51). Partidu berdindua izan zen uneoro, eta Mundarrok aurreneko laurdenean lau punturen aldea hartu ondoren, berdinduta iritsi ziren atsedenaldira (21-21), eta ia parean azkeneko laurdenera ere (32-33). Azkeneko minutuetan, baina, gehiago asmatu zuten irundarrek, garaipena eskuratzeko.

Bestelakoa izan zen hernaniarren partidua, Elgoibarren kantxan. Aurreneko bi laurdenetan egin zien ihes partiduak, erasoan ezin asmatuta; eta 14 puntuko desabantailarekin iritsi ziren atsedenaldira (26-12). Aldageletatik bueltan saiatu ziren partiduari buelta ematen, eta bi puntura gerturatu ziren (32-30 eta 43-41), baina azkeneko bost minutuetan aldeari eutsi zion Elgoibarrek, 57-51 nagusitzeko.

Zita bikoitza aste honetan Mundarrok, mutilen lehenengo mailan

Aste honetan bueltatuko dira lehiara, lehenengo mailako taldeak. Eta Mundarroko mutilen kasuan, zita bikoitza izango da, lehenengo jardunalditik atzeratuta daukan partidua jokatuko baitu. Ostegunean izango da hori, eta Arrasaten ariko dira astigartarrak, Mondragon Unibertsitatearen kontra, iluntzeko 20:00etan hasita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!