Berdinketa lortu dute Hernaniko talde nagusiek, eta etxetik kanpo irabazi du Mundarrok

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 17a, 00:00
Euri zaparradek eragindako putzuek, jokoa zaildu zuten Hernaniren eta Lakuaren arteko partiduan, Zubipen.

Hernaniko neskek hutsean berdindu zuten etxean Lakuarekin, mutil berdeek ostegunean Zarautzen lortu zuten emaitza bera, hain juxtu. Mundarrok, berriz, hiru puntuak ekarri zituen Donostiatik, Lengokoak menderatuta (1-2).

Porrotik gabeko asteburua izan da Urumea bailarako talde nagusientzat, eta bereziki pozgarria Mundarrorentzat: moreek garaipena lortu zuten Lengokoaken zelaian, mutilen Erregional Preferentean. Hernanik, berriz, berdinketa lortu zuen nesken Euskal Ligan, mutilen Ohorezko Erregionalean, eta mutil jubenilen Liga Nazionalean.

Oso sendo jarraitzen du Euskal Ligako taldeak, eta beste puntu bat pilatu zuen larunbatean, Zubipen, Lakuarekin hutsean berdinduta. Euri zaparraden eraginez, urez betetako zelaian aritu ziren bi taldeak, eta zaildu egin zuen jokoa. Lehia bizia izan zuten partidu osoan, eta bi taldeek izan zituzten gol aukerak, baina azkeneko minutuetan sufritzea tokatu zitzaion Hernaniri, Lakuaren bultzadaren eraginez. Edonola ere, bikain eutsi zioten berdeek defentsan, denboraldi hasieratik erakutsitako sendotasunarekin, eta Dunixe Berlanas atezaina berriro protagonista zela: bost gol bakarrik jaso ditu, sei partidutan. Berdinketarekin, dagoeneko 11 puntu dauzkate hernaniarrek, eta zazpigarren daude Euskal Ligako sailkapenean.

Puntu bat lortua zuten mutil berdeek ere ordurako, Zarautzen zelaian berdindu baitzuten hutsean ostegunean. Eta berdinketa lortu zuten, era berean, Liga Nazionaleko mutil jubenilek, larunbatean: 1-1 bukatu zen Antiguokoren aurkako partidua, Zubipen. Kontrario gogorra zuten aurrean, baina markagailuan aurrea hartzea lortu zuten berdeek. Azkeneko minutuetan jaso zuten berdinketaren gola, eta puntu banaketa izan zen.

Garaipenaren bidea hartu du Mundarrok berriro, Donostian

Mundarrori dagokionez, denboraldiko hirugarren garaipena lortu zuten moreek, mutilen Erregional Preferentean. Igande arratsaldean jokatu zuten Donostian, Cesar Benito zelaian, Lengokoak taldearen kontra. Sailkapenari erreparatuta, irabazi beharreko partidua zirudien astigartarrentzat, azkeneko postuetan baitago talde donostiarra. Baina horrelako konpromisoak gogorrak izaten dira askotan, eta halaxe suertatu zen igandekoa ere. Moreek gogotik borrokatu behar izan zuten, baina garaipenaren bidea hartu dute berriro, 1-2 irabazita. Horrekin, liga hasiera ona berretsi dute astigartarrek, aurreneko bost partiduetatik hiru irabazita. Hori horrela, bosgarren daude sailkapenean, 9 punturekin. Nabarmentzekoa da, gainera, bi garaipen lortu dituztela etxetik kanpo.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!