Garaipen sorta ederra bailarako korrikalariek, Nafarroako eta Errioxako mendi lasterketetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 17a, 00:00
Ander Amonarriz eta Ainhoa Arruti, txapelekin, Basajaun Trailen.

Basajaun Trailen proba bana irabazi zuten Ander Amonarrizek eta Ainhoa Arrutik, eta Camero Nuevon Hodei Lujanbiok.

Protagonista izaten jarraitzen dute Urumea bailarako korrikalariek, txoko ezberdinetako mendi lasterketetan. Eta oraingoan, hiru garaipen ekarri dituzte Nafarroatik eta Errioxatik.

Agerreko bi kidek jantzi zuten txapela Nafarroan, Galdeanoko Basajaun Trailen, larunbatean. 23 kilometroko proban, 1:54:49 denborarekin nagusitu zen Ander Amonarriz hernaniarra, Xabier Zarranzen (1:55:12) eta Ander Amezketaren (2:00:06) aurretik. 13 kilometroko lasterketan, berriz, Agerreko Ainhoa Arruti urnietarrak lortu zuen garaipena, 1:21:58 denborarekin, Leticia Arrillagari (1:22:40) eta Ilargi Lopezi (1:27:38) aurrea hartuta.

Egun berean, Errioxako El Rasillo de los Cameros herrian aritu zen Hodei Lujanbio goizuetarra, eta Camero Nuevo lasterketa irabazi zuen, 27 kilometroko ibilbidean. Oso lehia estuan, 2:15:05 denborarekin nagusitu zen Lujanbio, Jorge Omeñacaren (2:15:27) eta Arkaitz Galindezen (2:17:55) aurretik. Egun berean, gainera, bigarren proba bat ere egin zuen goizuetarrak, oso bestelakoa: Urkabeko Igoera, 1,6 kilometrokoa, Oiartzunen. Laugarren sailkatu zen, 9:39 denborarekin. Proba berean, hirugarren izan zen Axeriak taldeko Beñat Los Arcos (9:28).

Sergio Roman (erdian), Martuteneko El Pilar kroseko podiumean.
 

Sergio Roman hirugarren, Martuteneko krosean

Mendian ez ezik, asfaltoan ere aritu dira bailarako korrikalariak, aurreneko postuetan. Ostegunean, adibidez, El Pilar krosa jokatu zen Martutenen (6,6 kilometro), eta hirugarren izan zen Sergio Roman hernaniarra, 20:53 denborarekin, Kamel Zianiren (20:32) eta Xabier Lizarrondoren (20:47) atzetik. Usoa Benito hernaniarrak (32:40) laugarren postua lortu zuen emakumezkoetan, eta seigarrena Ibai Alba herrikideak (21:42) gizonezkoetan. Bailarako beste hiru korrikalari ere aritu ziren bertan: Sergio Garzo (25:05) eta Aitor Jaime (29:18) astigartarrak, eta Jose Luis Gutierrez hernaniarra (41:38).

Beste bi hernaniarrek, berriz, Tolosako Herri Krosean (8,1 kilometro) hartu zuten parte egun berean, ostegun goizean. Maila ederrean aritu ziren biak, gainera: Aitor Urruzola 15garren izan zen gizonezkoetan (27:56); eta Eider Estibariz 17garren emakumezkoetan (36:10).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!