Emaitza gazi-gozoak Lau t'erdiko Txapelketan, eta asteburu «ahaztezina» Bartzelona aldean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 17a, 00:00
CD Hernaniko eta Nafarren Etxeko kideen familia argazkia, Bartzelonan.

Iker Salaberriak 9-22 galdu zuen Ezkurdiaren kontra, baina Hodei Expositok 22-16 menderatu zuen Alberdi II. Lehia alde batera utzita, Bartzelonan izan dira CD Hernaniko esku pelotariak, Nafarren Etxekoekin batera.

Ezohiko asteburua izan da joan dena, Urumea bailarako esku pelotarentzat. Ezohikoa, berezitasun asko izan dituelako, lehiari dagokionez eta lehiatik kanpo.

Lehiari helduta, Iker Salaberriak lehenengo partidua jokatu zuen final laurdenetako ligaxkan, Lau t'erdiko Txapelketa Nagusian, Joseba Ezkurdia iazko txapelduna aurrean zuela. Ilusioa azkar zapuztu zitzaion goizuetarrari, ordea: bana hasi ondoren, 17 tanto segidan lortu zituen arbizuarrak (18-1). Kontrarioaren sakeei eta kolpe indartsuei aurre egin ezinik aritu zen Salaberria. 18-1eko atsedenalditik bueltan hasi zen bere jokoa erakusten, eta hainbat tanto bikain kateatu zituen, markagailua pixka bat itxuraldatzeko (18-8). Baina gehiago gerturatzeko aukerarik ez zion eman Ezkurdiak (22-9). Erik Jakaren kontra jokatuko du Salaberriak orain, ostiral honetan Altsasun; eta irabazi beharra dauka, semifinaletara sailkatzeko aukerari eusteko.

Promoziokoan, aldiz, bigarren garaipena lortu zuen Hodei Exposito astigartarrak, final laurdenetako ligaxkan. 22-16 menderatu zuen Unai Alberdi azpeitiarra, eta pauso haundia eman du semifinaletara sailkatzeko bidean. Ostiralean Altsasun jokatuko du berak ere, Iosu Eskirozen kontra, ligaxkako azkeneko partidua: 17 tanto egitea nahikoa luke astigartarrak, aurrera egiteko. 

Pelota topaketa ederra Bartzelonan, CD Hernanik

Afizionatu mailakoei dagokienean, lehiak baino protagonismo haundiagoa izan du familia giroak. Izan ere, Bartzelonara bidaia egin zuten CD Hernaniko 17 esku pelotarik eta 22 laguntzailek, Nafarren Etxea klubeko lagunek antolatutako topaketan parte hartzeko. Asteburu «ahaztezina» izan dela nabarmendu dute hernaniarrek, ostiral arratsaldean egin zieten harreratik hasita. Iritsi eta berehala, barru jokoan aritu ziren bi klubetako pelotariak, Nafarren Etxearen frontoi berezian, eta laguntzaileetako batzuk hiria bisitatzera joan ziren. Larunbat goizean segi zuen festak, maila guztietako partiduekin, frontoia beteta zegoela, eta giro ederra lagun. Bazkaria egin zuten ondoren, «fideua ederra dastatuz»; eta postreekin batera opari-poltsa bana eman zieten pelotari hernaniar guztiei. Arratsaldean, beste partidu sorta bat jokatu zuten, frontoia berriro beteta, eta ikusleak gustura: «Azkeneko partiduan, 21na berdinduta zirela, partidua 25 tantora luzatzea eskatu zuten ikusleek!», kontatu dute. Igandean ziren festa borobiltzekoak, hiru partidu jokatu eta bazkaria eginda, baina euriagatik bertan behera utzi behar izan zituzten. Edonola ere, pozez txoratzen bueltatu ziren Hernanira, eta bisita errepikatzeko gogoz.

Lehiari dagokionez, trinketeko Kepa Arroitajauregi Txapelketaren finala jokatzeko sailkatu da Jon Jara hernaniarra, Abadiñon. Semifinalean, Iker Eskamez hartu zuen mendean (40-36), eta urriaren 27an jokatuko du finala, Unax Ramirezen kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!