Zapirain laugarren eta Barrenetxea seigarren, Euskadiko Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 17a, 00:00

Kanporaketako postua hobetzea lortu zuen Ane Zapirain astigartarrak.

29:13 denboran amaitu zuen Zapirainek eta 35:26 denboran Barrenetxeak. Nerea Arrutik irabazi zuen.  

Igande eguerdian jokatu zuten Elgoibarren emakumezkoen Euskadiko Aizkolari Txapelketako finala. Giro ederra sortu zen plazan, eta Nerea Arrutik ez zuen hutsik egin; urnietarra zen faborito argia eta nagusitasun haundiarekin irabazita jantzi zuen txapela bigarren urtez jarraian. Urumea bailarako bi ordezkari izan ziren Elgoibarren, eta lanak txukun amaitzea lortu zuten biek; laugarren postuan amaitu zuen Ane Zapirain astigartarrak, eta seigarren postuan Malen Barrenetxea hernaniarrak. 

Egin beharreko lanak gogorrak eta luzeak izan ziren, sei pago enbor ebaki zituen aizkolari bakoitzak; bi kanaerdiko, 45 ontzako bi enbor eta 35 ontzako bi enbor. Kanporaketarekin alderatuta bikoitza zen egin beharreko lana, eta tarteak dexente haunditzea eragin zuen horrek. Hala, honela geratu zen Euskadiko Txapelketako sailkapena: Nerea Arruti (17:59), Nerea Sorondo (21:54), Oihana Fernandez de Barrena (25:10), Ane Zapirain (29:13), Maika Ariztegi (30:53), eta Malen Barrenetxea (35:26). 

Gipuzkoako Txapelketa igandean, Ereñotzun

Aizkolari txapelketek jarraipena izango dute Urumea bailaran. Igande honetan Aizkolari Gazteen Gipuzkoako Txapelketa jokatuko dute Ereñotzun. Bertan Kimetz Oñederra hernaniarra, Igoin Pikabea ereñotzuarra eta Unai Echeverria arituko dira, eta aizkolari gazte bakoitzak 45 ontzako 2 enbor eta 54 ontzako beste 2 ebaki beharko ditu lanak amaitzeko.

Txapelketaz gain, emakumezkoen aizkora eta harrijasotze erakustaldiak ikusteko aukera izango da. Malen Barrenetxea eta Ane Zapirain arituko dira aizkoran, eta Udane Ostolaza eta Maddi Guesalaga harriarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!