Euskadiko Aizkolari Txapelketan arituko dira bihar Malen Barrenetxea eta Ane Zapirain, Elgoibarren

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 14a, 00:00
Ane Zapirain seigarren postuan sailkatu zen finalera.

Eguerdiko 12:00etan hasiko da final haundia. Punta puntako aizkolariak arituko dira Elgoibarren, tartean Ane Zapirain astigartarra eta Malen Barrenetxea hernaniarra. Gogotsu daude biak lan txukuna egiteko.

Emakumezkoen Euskadiko Aizkolari Txapelketa amaierara iristear da. Bihar bertan jokatuko dute final haundia, eguerdiko 12:00etan, Elgoibarren. Hernaniko kanporaketan denbora onena lortu zuten sei aizkolariak arituko dira bihar, tartean Malen Barrenetxea hernaniarra eta Ane Zapirain astigartarra.

Punta puntako aizkolarien arteko lehia ikusteko aukera izango da final haundian; Barrenetxearekin eta Zapirainekin batera Nerea Arruti, Nerea Sorondo, Oihana Fernandez de Barrena eta Maika Ariztegi lehiatuko dira.

Egin beharko dituzten lanak ere gogorrak izango dira. Sei pago enbor ebaki beharko ditu aizkolari bakoitzak; bi kanaerdiko, 45 ontzako bi enbor eta 35 ontzako bi enbor. Kanporaketako lanarekin alderatuta dexente luzeagoa izango da finaleko proba, eta erresistentziak balio bikoitza izango du.

Ibilbideari eta markei erreparatuz, Nerea Arruti urnietarra da txapela berriro eskuratzeko faborito argia. Hernaniko proba 9:31 denboran osatu zuen, Nerea Sorondo bigarren sailkatuari ia minutu bateko aldea aterata. Bailarako aizkolarientzat lehenengo finala izango da, eta lan txukuna egitea izango da bien helburua.

Zapirainek finalerako azken txartela eskuratu zuen Hernanin, lanak 16:09 denboran osatuta. Final haundira gogotsu joango da astigartarra, nahiz eta lanaren iraupenak zertxobait arduratzen duen: «Urduritasun puntu batekin noa lan luzeak direlako. Proba gogorra izango da eta horrek urduritasuna sortzen du. Hala ere, gogotsu nago ikusteko ea nola moldatzen naizen, fisikoki ondo nagoela esango nuke, eta ea bihar nola erreakzionatzen dudan».

Etxean jokatu zuen kanporaketa Barrenetxeak.
 

Barrenetxea alde haundiarekin izango da finaleko aizkolari gazteena. Hernaniarra presiorik gabe joango da, kanporaketara joan zen modura, baina lanak ondo bete nahi ditu: «Egia esan, oso pozik nago, baina urduri ere bai. Txapelketa batek beti ematen dizu nerbio puntu bat. Ilusio haundia daukat, nire lehenengo aldia delako Euskadiko txapelketan. Bihar lanak txukun egin eta bukatzen baditut, oso pozik geratuko naiz».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!