Zubipera bueltan, bolada onari jarraipena ematen saiatuko dira Euskal Ligako neskak

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 14a, 00:00
Laugarren garaipena jarraian lortu dezakete gaur Euskal Ligako neskek.

Lakuaren aurka jokatuko dute gaur arratsaldean, 16:00etatik aurrera, Zubipen. Laugarren garaipenaren bila zelairatuko dira berdeak. Mundarrok, berriz, etxetik kanpo jokatuko du bihar, Lengokoaken aurka. 

Asteburu berezia izaten ari da bailarako futbol taldeen txapelketetan. Jaiegunak tarteko, ostegunean jokatu zuten zenbait taldek, eta asteburuan jokatuko dute gainontzekoek. 

Euskal Ligako neskek gaur jokatuko dute seigarren jardunaldiari dagokion partidua. Etxera bueltan dira berdeak, eta orain arte lortzen ari diren emaitza bikainei jarraipena ematea izango da helburua. Denboraldi hasiera paregabea egiten ari dira Mikel Mancisidorren gidaritzapean, eta dagoeneko hiru garraipen lortu dituzte jarraian. 

Oraingoan etxean jokatzea baliatu nahi dute hernaniarrek. Lakua izango da Hernaniren aurkaria; gasteiztarrek ondo hasi zuten denboraldia, lehenengo hiru jardunalditan bi garaipen eta berdinketa bat lortuta. Alabaina, azken bi jardunalditan ez dute garaipenik lortu, eta Añorgaren aurka 2-2 berdindu ondoren iritsiko dira Zubipera. Partidu gogorra izatea espero dute Hernaniko jokalariek, baina konfiantzaz gainezka daude une honetan. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da norgehiagoka. 

Bihar jokatuko du Mundarrok.
 

Asteburu honetan jokatuko den bigarren partidua Lengokoaken eta Mundarroen artekoa izango da. Bihar arratsaldean neurtuko dituzte indarrak, Cesar Benito zelaian. Astigartarrek erregulartasun gutxirekin hasi dute denboraldia. Lehenengo lau jardunalditan bi garaipen eta bi porrot jaso dituzte, baina kosta egiten zaie berdegunean nagusitzea. 

Lengokoakek ere ez du nahi bezain ondo hasi denboraldi berria. Hiru porrot eta garaipen bat jaso ditu oraingoz, baina arazo haundiak izaten ari da defentsa lanetan. Horren adierazgarri da orain arte taldeari sartu dizkioten gol kopurua; 11 gol 4 partidutan. Donostiarren gabezietatik min egiten saiatuko da Mundarro, etxetik kanpo garaipena lortu eta sentsazio onak hartzen hasteko. 

Ohorezko Erregional mailako taldeak ezin izan zuen berdinketatik pasa

Hernaniko Ohorezko Erregional mailako taldeak ostegunean jokatu zuen seigarren jardunaldiko partidua, Zarautzen aurka. Jokaldi mota ezberdinekin saiatu ziren zarauztarrei aurre egiten, baina markagailua ez zen mugitu partidu guztian, eta 0-0 amaitu zen. Etxetik kanpo garaipenik lortu gabe jarraitzen dute Aritz Lujanbioren mutilek. 

0-0 berdindu zuen Ohorezko Erregional mailako taldeak, Zarautzen.
 

Datorren asteburuan Urolaren aurka jokatuko dute Zubipen, eta taldearentzat garrantzitsua izango da kanpoan lortu gabeko puntuak etxean pilatzen joatea.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!