Añarbek 2011tik izan duen erreserba haundienarekin hasi du urtea

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 10a, 00:00

Añarbeko urtegian ur asko dago.

Betetze maila %87,1koa izan da, azken hamarkadako batez bestekoa baino hamabi puntu gehiago. 

Urte hidrologiko berria Añarbeko urtegian ur-erreserba haundienarekin hasi da 2011. urtetik, ohi baino bigarren seihileko (apirila-iraila) euritsuagoari esker. Urte hidrologikoa urritik irailera arte neurtzen da.

Urte hidrologikoan erregistratutako prezipitazioa azken 52 urteetako batez bestekoaren berdina izan bada ere (2.064 l/m2), azken hori modu desberdinean gertatu da. Normalean lehen seihilekoan (urria-martxoa) bigarren seihilekoan (apirila-iraila) baino euri gehiago egiten du. Baina azken urte honetan kontrakoa gertatu da, lehenengo seihilekoan 864 l/m2 jaso ziren, eta bigarrenean 1.200 l/m2.

Ondorioz, Añarbeko urtegiaren maila ohi baino altuagoa da egun hauetan. Zehazki, betetze-ehunekoa % 87,1ra igo da, azken hamarkadako batez bestekoa baino hamabi puntu haundiagoa. Urte hidrologikoak prezipitazioen aldakortasuna izan du ezaugarri, azken mende erdiko hilabete lehor eta euritsuenetako batzuk txandakatuz. Hala, maiatza (422 l/m2 ) eta ekaina (220 l/m2 ) izan ziren Añarbeko erregistroetako lehen eta hirugarren hilabete euritsuenak, ohi baino euri gehiago egin baitzuen. Hala ere, egoera hori urriko edo otsaileko euri txikiekin konpentsatu da. Azken finean, ur-hornidura bermatuta dago, Añarbeko arroak Penintsula osoan urteko batez besteko prezipitazio haundiena duen eremuetako bat izaten jarraitzen duelako, eta urteko ureskaria 24 milioi m3 inguruan egonkortu delako 2013tik, aurreko urteetan eskaria nabarmen jaitsi ondoren hornidura-sareak hobetzeko inbertsioek eraginda. Urte hidrologiko berria euri gutxirekin hasi da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!