Lau t'erdiko Txapelketako ligaxkan ariko da Iker Salaberria, Urrutikoetxea menderatu ondoren

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 10a, 00:00

Debut bikaina izan du Salaberriak, Lau t'erdiko Txapelketa Nagusian.

Goizuetarrak 22-14 irabazi zuen Beotibarren, eta Joseba Ezkurdia izango du kontrario igande honetan. Promoziokoan, Hodei Expositok aurreneko garaipena lortu du, Gaskueren kontra.

Estreinaldi ederra izan du Iker Salaberria goizuetarrak, Lau t'erdiko Txapelketa Nagusian: 22-14 menderatu zuen Mikel Urrutikoetxea final zortzirenetan, igandean Tolosako Beotibarren; eta final laurdenetako ligaxkara sailkatu da. Espezialista onenen kontra ariko da orain, eta horren adibide, bere hurrengo partidua: iazko txapelduna, Joseba Ezkurdia, izango du kontrario igande honetan, 17:00etan Lekunberrin, ligaxkako lehenengo partiduan. A multzoan ariko da Salaberria, eta Ezkurdiaz gain, Peio Etxeberria eta Erik Jaka izango ditu kontrario, semifinaletara sailkatzeko lehian.

Urrutikoetxearen kontra, bikain aritu zen goizuetarra hasieratik, eta 4-10 aurreratu zen. Bizkaitarrak sakea hartu zuen orduan, eta partidua berdintzea lortu zuen, baina 9-10 zirela, min hartu zuen ezkerreko hankan. Edonola ere, lehiakor jarraitu zuen Urrutikoetxeak, baina zenbait tantotan berdinduta aritu ondoren, goizuetarra nagusitu zen berriro, saketik bikain eta errematean eraginkor.

Promozioko Lau t'erdikoan ere albiste onak, Hodei Exposito astigartarrak garaipena lortu baitzuen, ligaxkaren estreinako partiduan: 22-9 menderatu zuen Andoni Gaskue.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!