«Egun ahaztezina», pelotaren inguruko festarekin

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 10a, 00:00

Bertso-pelota desafioa jokatu zuten iluntzean, Tilosetako frontoian: goizuetarrak nagusitu zitzaizkien hernaniarrei.

Pilota Eguna ospatu zuten larunbatean, bigarren aldiz, CD Hernaniko Esku Pilotako Guraso Batzordeak antolatuta. Giro ederra izan zen, bertso-pelota desafioarekin borobilduta.

Egun ederra izan zen larunbatekoa, CD Hernaniko esku pelota sailarentzat. Guraso Batzordeak antolatuta, Pilota Eguna ospatu zuten bigarrenez, eta «jardunaldi ahaztezina» bizi izan zuten esku pelotari, senide eta zaleek.

Kalejiran eman zioten hasiera egunari, trikitilariekin; eta Tilosetara iritsi ziren eguerdian: klubeko 80 esku pelotariak aurkeztu zituzten bertan, pelota eskolakoetatik seniorretara. Barrene herrikoia ere egin zuten segidan, Tilosetako frontoian. Eta ondoren, Atsegindegira mugitu ziren denak, festari segida emateko: paella ederra bazkaltzeko, toka lehiaketa, eta disko festarekin dantzarako tartea.

Baina eguna borobiltzeko, nos­ki, ezin esku pelota partidurik falta: bertso-pelota desafioa jokatu zuten Tilosetan, iluntzean, Hernani eta Goizuetaren artekoa. Goizuetarrak nagusitu ziren, bi partiduak irabazita: Araitz Legarreta-Alize Sagardui eta Beñat Apezetxea-Antton Apezetxea jokoan, eta Aitor Mendiluze botilero lanetan. Hernaniarren ordezkari izan ziren Esnal-Zabala eta Apaolaza-Altuna, Maialen Lujanbio botilero zutela.

Erlazionatuak

Hernaniko II. Pilota Eguna

Kronika - Erredakzioa 2023 urr 09 Hernani

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!