Bikain hasi dute Taldekako Txapelketa, Ur Miak eta Elur Txorik

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 10a, 00:00

Ibon Miner, Ur Miaren laukoteko kideetako bat, aurreko tiraldi batean.

Garaipena lortu zuten bailarako bi taldeek, estreinakoan, Ategorrietaren eta Zarautzen kontra.

Joan den asteburuan hasi zuten Gipuzkoako Taldekako Txapelketa, bailarako bolariek; eta bikain ekin diote, gainera. Estreinako jardunaldian, garaipena lortu zuten bertako bi taldeek: Ur Mia Ategorrietari nagusitu zitzaion, eta Elur Txorik Zarautz 2 hartu zuen mendean.

Donostian aritu ziren ereñotzuarrak, honako lau ordezkariekin: Aner Miner, Ibon Miner, Mikel Arroio eta Joxe Mari Etxebeste. Ez zen alde haundirik izan brila kopuruan (508 Ur Miak eta 442 Ategorrietak), baina joko gehienak irabazi zituen Ur Miako laukoteak: jokoan zeuden 16 puntuetatik, 12,5 eskuratu zituzten.

Are nabarmenagoa izan zen Elur Txoriren garaipena, etxean, zarauztarren kontra: 13,5 puntu eskuratu zituen Benito Loitegik, Fernando Gallegok, Fermin Zuloagak eta Rosa Santosek osatutako laukoteak, 391 brila botata, zarauztarren 279 brilen aldean.

Datorren asteburuan, Herreraren kontra jokatuko du Elur Txorik, bigarren garaipenaren bila. Izan, ere 15-1 galdu zuen Herrerak estreinakoan, Zarautz 1 taldearen kontra. Ur Miak, berriz, atseden hartuko du oraingoan, eta Ostadarren kontra ariko da hurrengo asteburuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!