Asteburu gozoa izan da berdeentzat, bi talde nagusiek garaipen garrantzitsuak lortuta

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 10a, 00:00

Xabat Etxandik lortu zituen Hernaniren aurreneko bi golak, oso minutu gutxiren tartean, Zumaiakoren kontra.

Bolada ederrean jarraitzen du Hernanik Euskal Ligan, eta Betiko Neskak menderatu zuen Erandion (0-2). Ohorezko Erregionaleko mutilek, berriz, denboraldiko bigarren garaipena lortu zuten Zubipen, Zumaiakoren kontra (3-2).

Ezusteko pozgarria ematen ari da Euskal Ligaren hasieran, CD Hernaniko nesken talde nagusia; eta hori puztu besterik ez du egin asteburu honetan, beste garaipen haundi bat lortuta. Aurreneko lau partiduetan 7 puntu pilatu ondoren, liderraren zelaian jokatu zuten berdeek larunbatean, Erandioko Betiko Neskak indartsuaren kontra, eta hiru puntuak eskuratuta bueltatu ziren Hernanira (0-2).

Horretarako, momentu klabean eman zuen kolpea Hernanik. Aurreneko zati parekatuaren ondoren, bazirudien hutsean iritsiko zirela bi taldeak atsedenaldira; baina aldageletarako bidea hartu aurretik lortu zuten estreinako gola berdeek, Erandioko Ruth Villañok baloia bere atean sartu ondoren. Bigarren zatian, berriz, hernaniarrek ondo eutsi zieten bizkaitarren erasoei, eta baita beraien aukerak baliatu ere, lasaitasunaren gola lortzeko: Elene Lujambiok sartu zuen 0-2koa, 70garren minutuan. Hortik aurrera, eta aldaketekin zelairatu ziren jokalarien frexkotasuna baliatuz, emaitzari eutsi ahal izan zioten berdeek, garaipen haundia eskuratzeko.

Eta asteburua are gozoagoa izateko, Ohorezko Erregionaleko mutilek ere lortu zuten garaipena, igandean Zubipen, Zumaiakoren kontra (3-2). Dena den, ez zen nahi bezain ondo hasi arratsaldea, zumaiarrek sartu zuten aurreneko gola, 23garren minutuan. Berehala iritsi zen etxekoan erreakzioa, ordea, eta hainbat jokaldi arriskutsu kateatu ondoren, 30ean lortu zuten berdinketa: Joanes Artolak eskuin hegaletik erdiratu, Xabat Etxandik kontrola ateari bizkarra emanez, eta biratuta jaurtiketa ate barrura. Etxandik berak lortu zuen bigarren gola, hortik minutu gutxira, berdeen nagusitasuna markagailuan islatzeko. Pello Alberdik eman zion pasea area barruan, eta bikain egin zuen errematea Etxandik, atsedenaldira aurretik joateko. Parekatua hasi zen bigarren zatia, eta ordu laurden falta zenean, Alberdik baliatu zuen berdeen gol aukeretako bat, hirugarrena lortzeko. Hortik aurrera, baina, sufritzea tokatu zitzaien berdeei: zumaiarrak erasoan eta hernaniarrak atzean sartuta, bost minuturen faltan lortu zuten bigarrena kontrarioek, eta larri ibili ziren etxekoak, epaileak partiduaren amaiera adierazi zuen arte.

Azkeneko minutuetan puntuak ihes, Mundarrori

Partidu ona jokatu arren, emaitza gazia izan zuen Mundarrok, Sanpedrotarraren zelaian, Trintxerpen (3-2). Partidu gogorra izan zen, trabatua, zelai txikian; baina egoerara ondo egokitu ziren moreak, eta Beñat Mendibururen golarekin hartu zuten aurrea. Atsedenaldira iritsi aurretik, ordea, berdinketa lortu zuten etxekoek, eta 2-1ekoa egin zuten bigarren zatian. Bazirudien horrela bukatuko zela partidua, baina eromena nagusitu zen azkeneko minutuetan: luzapena hasi bezala berdindu zuen Mundarrok, Ander Mateosen golarekin; eta azkeneko jokaldian sartu zuen hirugarrena Sanpedrotarrak, moreen poza zapuztuz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!