Matrikula epea zabalik AEKn, eta aurreneko ekintza bereziak martxan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 9a, 00:00

Sara Lizeaga (erdian), sagar muztio lehiaketako saria jasotzen.

Hainbat taldetan izena emateko aukera dago oraindik, Hernaniko eta Astigarragako euskaltegietan.

Euskera ikasteko edo hobetzeko gogoa duenak, izena emateko aukera dauka oraindik, Urumea bailarako AEK euskaltegietan. Jakinarazi dutenez, matrikula epea zabalik dago, hainbat taldetan tokia baitaukate, Hernanin zein Astigarragan.

Hernaniko kasuan, hutsetik C2 mailara bitarteko eskaintza dago goizez; eta eguerdietan, A2 mailako eskolak ematen dituzte, bereziki gurasoei zuzenduta, haurrek eskolan pasatzen duten tartea baliatzeko. Astigarragako kasuan, berriz, maila guztietako taldeak daude aukeran, goizez zein arratsaldez.

Bestalde, dagoeneko ekin di­e­te urteroko ekintza bereziei ere, eta Astigarragan, esaterako, lehiaketa antolatu zuten iraileko azkeneko igandean: sagar zuku lehiaketa egin zuten Foru Plazan, Sagar Uzta Festaren barruan. Bertan, sagar zukuaren pixua zein zen asmatu behar zuten partehartzaileek, euro baten truke apustua eginda. Sara Lizeaga astigartarra izan zen irabazlea, eta berak eskuratu zituen Lekungarai baserriko gazta eta Zapiain sagardotegiko bi botila.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!