76.333 euroko dirulaguntza jasoko du Astigarragako Udalak, Andre Gobadarien ibai parkean kirol ekipamendu berria jartzeko

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 9a, 00:00

Atsedenlekuari kirol ekipamendua batuko zaio, Andre Gobadarien ibai parkean.

Gipuzkoako Foru Aldunditik jasoko du laguntza Udalak, kirol ekipamenduen planeko 2023-2025 aldirako dirulaguntza deialditik.

Joan den ostegunean argitaratu zuen Gipuzkoako Foru Aldundiak, GAOn, kirol ekipamenduen planeko 2023-2025 aldirako dirulaguntzen ebazpena. Eta horren arabera, 76.333 euroko dirulaguntza jasoko du Astigarragako Udalak, deialdira aurkeztu zuen ekimena gauzatzeko: Andre Gobadarien ibai parkean kirol ekipamendu berria jartzea, herritarrek bertan kirola egiteko aukera izan dezaten.

Guztira, 8.180.000 euro bide­ratuko ditu Gipuzkoako Foru Aldundiak dirulaguntza horietara, eta Gipuzkoako udalen 45 ekimen lagunduko ditu diruz.

Deialdi horretara, Hernaniko Udalak ere aurkeztu zituen bi proiektu: Latsunbe auzoko fron­toia estaltzekoa, eta Hernaniko kiroldegian rokodromoa egitekoa. Bietan jaso du ezezkoa, ordea, honako arrazoiengatik: frontoiaren kasuan, proiektua ha­siera batean ez aurkezteagatik zegokion lerroan, ondoren zuzen aurkeztu arren; eta rokodromoaren kasuan, aurrekontua agortuta zegoelako dagoeneko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!