Salaberriak eta Expositok bihar egingo dute debuta Lau T'erdikoan

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 7a, 00:00

Hodei Expositok bihar jokatuko du lehenengo partidua.

Beotibarren 17:00etan hasiko den jaialdian, goizuetarra txapelketa Nagusian arituko da eta astigartarra, promozio mailan.

Joan den urtean Promoziokoa irabazi ondoren, Lau t'erdiko Txapelketa Nagusian debuta eginen du Iker Salaberria goizuetarrak, aurten. Bihar ekinen dio, eta Mikel Urrutikoetxearen kontra jokatuko du final zortzirenetako kanporaketa. Tolosako Beotibarren jokatuko dute, arratsaldeko 17:00etan hasita. Irabaziz gero, final laurdenetako ligaxkan ariko da goizuetarra, datorren astetik aurrera.

Iker Salaberria Promozioko finalera sailkatu zen iaz finalerdian Hodei Exposito astigartarra kanpoan utzi eta gero. Exposito berak, Promozio txapelketa jokatuko du Lau T'erdian eta debuta Gaskueren kontra izango du jaialdi berdinean. Hori bai, bere partidua hirugarrena izango da eta 19:00ak baino lehenago ez da espero hastea. Promozio txapelketako pelotariak bi multzotan daude banatuak. Exposito A taldean dago Eskiroz, Alberdi II.a eta biharko aurkaria izango den Gaskuerekin batera. Lehendabiziko bi sailkatuak finalerdietara sailkatuko dira. Gaskueri irabaztea erabakigarria izan daiteke. Txapelketako finala azaroaren 11n izango da eta bertan egotea du helburu Expositok.

 

Markel Lizeaga bihar, EHko lehenengo kanporaketan

Bihar 11:30etan Zumarragan Markel Lizeaga seniorrak Euskal Herriko Elite Txapelketako lehenengo kanporaketa jokatuko du. Txapelketa honetan aurreko denboraldiko 12 pelotari onenek jokatuko dute eta pelotari ereñotzuarra hirugarren atzelari onena bezela sailkatu da. Lizeagak Zubizarretak (Lapke) lagunduta jokatuko du eta bere arerioak Murua eta Oliden (Soraluze-Lapke) izango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!