Mundarrok ezin izan du Añorga indartsua gainditu denboraldiko lehenengo partidu berdindu batean

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 3a, 00:00

Mundarroko jokalariaren hiruko jaurtiketa oztopatzen saiatu zen Añorgako jokalaria.

46-52 irabazi zuten donostiarrek Gipuzkoako Lehenengo Mailako partiduan, atzetik aurrera azken laurdenean astigartarrak gainditu eta gero. Hernanik erraz irabazi zuen Eibarren aurka, 29-76, Bigarren Mailako partiduan.

Saskibaloi denboraldia hasi dute bailarako talde seniorrek. Mundarroko bi taldeek galdu egin zuten eta Hernanik, berriz, garaipena eskuratu zuen. Lehenengo mailan Mundarrori, 46-52ko markagailuarekin, ihes egin zion garaipenak azken laurdenean Añorgaren aurka. Moreak ongi hasi zuten norgehiagoka aurreneko laurdenean. 16-8 aurreratu ziren eta defentsan bikain jokatu zuten. Bigarren laurdenean donostiarren erreakzioa iritsi zen, nahiz eta atsedenaldira 24-21eko abantailarekin joan ziren aldageletara astigartarrak. 

Hirugarren laurdena izan zen parekatuena eta azken laurdena 35-34ko markagailuarekin hasi zen, Mundarroren alde. Emozioa izan zen nagusi azken hamar minutuetan, baina kanpokoek eroso jokatu zuten erasoan eta 18 puntu lortu zituzten. Mundarro hamaika puntutan geratu zen azken laurdenean eta partidua sei puntugatik galdu zuen, 46-52. Ongi lehiatu zen Mundarro nahiz eta garaipena ez lortu.

Mundarro B-k galdu, bigarren mailan

Mundarrok nagusien bi talde osatu ditu eta B taldeak bigarren mailan jokatuko du. Denboraldiko estreinakoan ezin izan zituen bi puntuak eskuratu, Elorri-Aldaparen aurka 89-48 galdu ondoren. Alegiko taldea nagusi izan zen partidu osoan zehar.

Hernani Eibarren izan zen bezalaxe. Hernaniarrak Mundarro B-ren multzo berdinean daude eta oraindik eta errazago lortu zuen garaipena. 29-76 irabazi zuen, 47 punturen aldearekin, Eibar B taldearen aurka. Aurkari gogorragoen zain, lehendabiziko garaipena beti da ongi etorria. Bigarren jardunaldia Zarautzen aurka izango da asteburuan, kiroldegian, eta benetako maila jakiteko erakusgarriagoa izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!