Ahazteko asteburua, lau garaipen eta 13 porrotekin, bailarako pelotariek

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 3a, 00:00

Emaitzarik txarrenak txapelketa pribatuetan izan dira Gartzaron eta Diario Vasco Txapelketan.

Bailarako pelotariek emaitza txarrak izan dituzte orokorrean asteburu honetan, momentu honetan jokatzen ari diren txapelketa ofizial eta pribatu ezberdinetan, lau garaipen eta 13 porrot izan da ahazteko jardunaldi baten azken balantzea. 

Emaitza txarrenak txapelketa pribatuetan lortu zituzten, Ormazabal-Arsuaga bikote infantilak, Deskarga-Alegria bikote jubenilak eta Salaberria-Labaka bikote seniorrak, Gartzaron Txapelketako final laurdenak galdu zituzten eta torneotik kanpo geratu dira. Ormazabalek eta Arsuagak 13-18 galdu zuten Aurrera Leitzaren aurka. Salaberria eta Labaka zazpi tantotan geratu ziren Lapkeren kontra eta partidurik berdinduena jubenilena izan zen. Deskarga eta Alegria 19-22 kanporatuta geratu ziren, Oberenaren aurka.

Diario Vasco Txapelketan ere kanporatuta gelditu zen, Unax Manterola 22 azpikoa, Plazaolaren (Zazpi Iturri) konpainian 22-19 galdu zuen Iraeta-Egigurenen aurka (Tolosa-Ilunpe).

 

Ohorezko Mailan eta lehenengo mailan, Apaolaza-Lizeaga eta Lizeagatarrak garaile

Emaitza hoberenak Gipuzkoako Txapelketa ofizialean izan ziren. Ohorezko Mailan Apaolaza eta Lizeaga 22-15 nagusitu ziren Behar Zanaren aurka. Jokatutako partidu denak irabazi dituzte. Garaipen lehiatua Eñaut eta Ekain Lizeagak lortu zuten Lapke 2ko bikotearen aurka, 20-22, lehenengo mailan. 

Bigarren mailako jubeniletan, Olazabal eta Urdangarinek, Ilunperi 22-14 irabazi eta gero, galdu gabe jarraitzen dute. Azken fasea jokatzeko aukerak bere horretan diraute. Beste partidu ia denak galdu egin zituzten Hernani eta Mundarroko bikoteek.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!