Zubipen eta Zarkumendegin sendo mantenduta, puntuak gehitzea lortu zuten bailarako futbol talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 3a, 00:00

Garaipen baliotsua lortu zuten Euskal Ligako neskek, Realaren kontra.

Garaipen garrantzitsuak lortu dituzte bailarako futbol taldeek. Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak 1-0 irabazi zuen Realaren kontra. Mundarrok ere 3 puntuak eskuratu zituen, Vasconiaren aurka. 

Etxean jokatu dituzte partiduak bailarako futbol talde nagusi guztiek, eta puntu sorta txukuna eskuratu dute. Aurrean aurkari zailak izan dituzten arren, sendo jokatu dute Hernaniko eta Mundarroko taldeek, eta egindako lanak emaitzak eman dizkie jardunaldi honetan.

Garaipen baliotsuena emakumezkoen Euskal Ligako taldeak lortu zuen. Reala izan zen Hernaniren aurkaria, eta prestatutako jokaldi batean sartutako gol bakarrari esker irabazi zuten; 68 minutuan Navarroren erdiraketa sareetara bidali zuen Malenek. Balorazio positiboa egin zuten taldeko entrenatzaileek: «Partidu gogorra izan da, Realaren aurka espero genuena. Intentsitatea mantendu dugu atzean, eta ondo baliatu dugu golaren kornerra. Ordezko jokalariak ere oso ondo sartu dira partidura, eta pozik gaude hiru puntuak lortu ditugulako».

Denboraldi hasiera zailagoa izaten ari da Ohorezko Erregional mailako mutilentzat. Erregulartasuna falta zaio taldeari, eta ezin izan zuen berdinketatik pasa Ordiziaren aurka. Partidu estua izan zen, borrokatua, baina aurrean asmatzeko zailtasunak izan zituzten bi taldeek, eta markagailua mugitu gabe amaitu zen norgehiagoka. Aritz Lujanbiok balorazio kritikoa egin zuen: «Zehazgabe aritu gara; hankak kargatuta zituzten jokalari batzuk, eta nekeagatik baju xamar jokatu dugu. Kontzentrazioa mantentzea ere kostatu zaigu momentu batzuetan. Lehenengo zatian bereziki gaizki aritu gara, eta bigarrenean estutzen jarraitu dugun arren, ez dugu saririk lortu. Hurrengo astean beste hiru puntu daude jokoan eta horien bila joango gara». 

Hernaniko taldeekin amaitzeko, Jubenil Nazionalak ere 1-0 irabaztea lortu zuen Beasainen aurka. Berdeak bolada onean daude, txukun hasi dute denboraldia, eta orain arte egindako lanarekin pozik agertu zen Haritz Otxotorena: «Liga hasi genuenetik ideia sendoekin eta argiekin jokatzen ari da taldea, eroso ikusten ditugu jokalariak ideia horrekin, eta oso pozik gaude. Defentsiboki taldea ondo, gogor eta zurrun aritu da, eta lan horrek emaitza ona eman digu».  

 

Zarkumendegin geratu ziren hiru puntuak

Norgehiagoka zaila izan zuen Mundarrok ere. Vasconiaren aurka jokatu zuten Zarkumendegin, kategoriako talde onenetakoa da Aietekoa, eta mendean hartu zuten Iñigo Mendibururen gola baliatuta. Partidua oso lehiatua izan zen, azkar aurreratu zen Mundarro eta abantailari eustea tokatu zitzaion ondoren. Donostiarrak ez ziren fin aritu erasoan, penalti bat ere kanpora bota zuten, eta Defentsa lanak bikain bete zituzten moreek; horri esker nagusitu ziren.

Asteburu honetan etxetik kanpo jokatzea egokitzen zaie astigartarrei; Trintxerpen jokatuko dute Sanpedrotarraren aurka. Taldearen helburua bolada onari eustea izango da.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!