Udazkenarekin batera, Odol Emaileen Elkartekoek prest dute odola emateko egutegia, eta ohiturei jarraituz, hernaniarrek bihar izango dute horretarako aukera, eta astigartarrek, berriz, etzi.
Ohi moduan, hernaniarrek anbulategian dute odola ateratzeko aukera, bihar arratsaldeko 17:00etatik 20:40etara arte. Hala ere, aldez aurretik hitzordua eskatu behar da, eta nahikoa da bihar goizean deituta, ondorengo telefonora 943 00 78 84.
Astigartarrek, aldiz, etzi dute odola emateko zita. Arratsaldeko 16:30etatik 20:10etara izango dute horretarako aukera, Erribera kulturgunean. Hitzordua eskatzeko urriaren 4an, goizean, deitu behar da 943 00 78 85 telefonora.
Odol Emaile elkartekoek
herritarrei deia
Hernaniko eta Astigarragako Odol Emaile elkartekoek odola ematera bertaratzeko deia egin diete herritarrei: «Euskal odol bankuak egoera kritiko eta kezkagarrian daude, odol maila minimoetan baitago. Odola ezin da fabrikatu eta ezinbestekoa da gaixotasun eta ekintza mediko askoren tratamendurako. Beraz, kontuan hartuta ez dagoela odola ordezkatzeko gai den aurrerapen zientifikorik, beharrezkoa da gure arteko dohaintza eta elkartasuna bizitzak salbatu ahal izateko».
Beraz, herritarrak animatu dituzte datozen egunetan odola ematera, «ahalik eta dohaintza gehienekin konpentsatu dadin, une honetan erreserbak haunditzeko premia handia baitago. Zuen zain gaude! Mila esker!».