Urriaren 7an ospatuko dute Pilota Eguna

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 1a, 00:00

Hernaniren eta Goizuetaren arteko bertso-pelota desafio berezia egingo dute aurtengo edizioan. 

Datorren larunbatean ospatuko dute Hernaniko Pilota Eguna. Bigarren edizioa izango da aur­tengoa, eta Hernaniren eta Goizuetaren arteko desafioa osatuko dute «pelota taldea eta pelotariak herritarren aurrean ezagutzera eman eta kirol honen bueltan gozatu ahal izateko».

Hiru zatitan banatuko da aurtengo Pelota Eguna: eguerdiko 12:30etan, klubeko pelotarien aurkezpena egingo dute Tilosetan; ondoren, 14:30etan, bazkaria izango da Atsegindegin; eta az­kenik, 20:00etan, bertso-pelota desafioa Tilosetan. 

Pelotariei dagokienez, nesketan Esnal eta Zabala (Hernani) arituko dira Legarretaren eta Sagarduiren (Goizueta). Mutiletan, berriz, Apaolaza-Labaka (Her­nani) bikoteak, Apeze­txea-Ape­zetxea (Goizueta) bikotearen kon­tra jokatuko du. Bertsotan Maialen Lujanbio izango da hernaniarren taldekidea, eta Aitor Mendiluze goizuetarrena. 

Bazkarirako txartelak eskuragarri daude oraindik, 15 euro­an, 650 506 436 telefonoan.

Era berean, CD Hernaniko pelota sailak es­kerrak eman nahi izan dizkie ekitaldi honetan eta urtean ze­har laguntza ematen duten guztiei. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!