Haur jaioberrien familientzat ongietorri opariak berritu dituzte

Kronika - Erredakzioa 2023ko urr. 1a, 00:00

Ostiralean egin zuten aurkezpena, Erriberan.

Buruntzaldeko udaletako euskera zerbitzuek berritu dituzte opariak. Familien tipologiara egokitu dute eta bitarteko digitalen aldeko apustua ere egin dute.

023-2024 ikasturtea hastearekin batera, Buruntzaldeko udaletako Euskera zerbitzuek berritu egin dute jaio berrien familiei bideratutako ongi etorri oparia. Hori horrela, pasa den ostiralean, sortutako materiala erakustearekin batera, 'euskara.buruntzaldea.eus' webgune berritua ere aurkeztu zuten.  

Dagoeneko urte asko dira Buruntzaldeko sei udalek jaioberrien familiei hainbat baliabide eskaintzen dizkietela, besteak beste, zorion gutuna, hizkuntzari buruzko aholkuak, abestien CD-a, eta ibilgailuan jartzeko pegatina. «Orokorrean, familiek gustura jaso izan dute opari-sorta; baina garaiak eta gizartea aldatzen doaz eta iazko urtearen hasieran ekin zitzaion material hori guztia berritzeari», azaldu zuten Buruntzaldeko euskera zerbitzuek.

Aurkezpenean, materiala berritzekorako garaian bi erronka nagusi egon direla nabarmendu zuten: «batetik, familia berriei egokitzea izan da. Biztanleria aldatzen ari da eta horrekin batera, familien tipologia aldatzen ari da. Familia horiei hainbat baliabide eskaintzera dator material berritua, hizkuntzak ikasten laguntzeko ardura familia ere badelako; eta bestetik, garai berrietara egokitzea. Garaiak ere aldatzen ari diren honetan, bitarteko digitalen aldeko apustua egin da».

Beraz, material berriaren bildumak 3 atal ditu. Lehenengoa,  'karpetatxoa' da: Jaioberrientzako ongi etorri eta zorion mezua 15 hizkuntzatan jasotzen da; bigarrena, iman-'euskarria': Egunerokoan umeekin erabiltzen diren esaera labur eta erraz batzuekin: otorduetan, lotarakoan, agurtzeko...; eta hirugarrena, 'haurtxoarekin jolasten', abesten zenbatzen izeneko liburuxka zabalgarria: Ilustrazio bizi-bizi eta erakargarriekin jantzita, alde batean, euskaraz zenbatzeko; bestean, berriz, jolasak, abestiak eta euskarazko hainbat esaera bildu dituzte.

Azaldu zuten, hizkuntzak ikasten laguntzeko ardura familiarena ere badenez, geroz eta anitzagoak diren familiei hainbat baliabide eskaintzera datorrela material berritua: «Garrantzitsua da familiak kontzientziatzea edozein egoera eta harremanetan bi hizkuntza ofizialetan eroso komunikatzeko gaitasuna eskuratzea onuragarria izango dela. Haurrek eskolan euskaraz ikasiko badute ere, familiak haurraren bidelagun izan behar dute hizkuntzak eurenganatzeko prozesuan. Eta familia guzti-guztiek dute, bakoitzak bere errealitatetik abiatuta, zer-nola eragin. 4 familia-tipologia bereiztuta (familia euskaldunak, mistoak, euskaraz ulertzen dutenak eta euskara ezagutzen ez dutenak) familia bakoitzari lauzpabost gomendio luzatzen zaizkie».

 

'euskara.buruntzaldea.eus' Webgunea ere berrituta

Jaioberrien materiala berritzearekin batera, euskara.buruntzaldea.eus webgunea ere berritu dute. Ataria azalberritu ez ezik, edukiak ere txukundu, eguneratu eta birrantolatu dituzte. Nabarmendu zuten, webgunean nahiko «erraz» topatu daitekeela euskerazko baliabide asko eta asko: «Aipatutako txikienekin euskaraz aritzeko material erakargarria osatzea izan da lehentasuna, baina gazte eta helduentzat ere baliabide mordoxka aurki daiteke bertan, informazio orokorrarekin batera (albisteak, kultur agenda, dirulaguntzak, aholkularitza, itzulpen-zerbitzuak, etab.)». 

Aurrerantzean, beraz,  webgunearen berritze-lanekin jarraitu nahi dute, hau da, «baliabide gehiagoz hornitu ataria; haur, gazte nahiz helduen interesekoak izan daitezkeen material, proiektu eta ekimenen berri emanez». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!