Saskibaloiaren denboraldia bueltan da eta asteburuan hasiko dute Mundarroko eta Hernaniko talde nagusiek. Mundarroko Lehenengo Mailako mutil senior taldeak lehenengo jardunaldiko partidua atzeratu egin da urriaren 19ra, Mondragonen aurka. Bigarren jardunaldiko partidua gaur jokatuko du, denboraldiko estrainekoa, 18:00etatik aurrera, Añorgaren aurka. Donostiarrak Ligako talderik sendoenetakoa da aurreneko partiduari erreparatuz gero.
Denboraldia luzea da, baina ongi hastea beti da garrantzitsua. Hori izango da astigartarren helburua, gaur zaletuen aurrean. Ilusio haundiarekin ekingo diote denboraldi berriari. 16 taldek osatzen dute Lehenengo Maila eta bi multzotan daude taldeak banatuak. Mundarro B multzoan dago kokatuta Donostia Dolphins, Mondragon Unibertsitatea, Añorga, Oiarso Lezo, Loiola 21 Hoops, Askatuak eta Debasket taldeekin batera.
Hernani eta Mundarro B, Gipuzkoako Bigarren mailan
Hernanik eta Mundarro B-k ere gaur hasiko dute denboraldia, biak ere etxetik kanpo. Gipuzkoako Bigarren Mailan ariko dira bi taldeak, A multzoan. Zortzi taldek osatzen dute multzoa eta aurten ere derbiak izango dira Hernanin eta Astigarragan. Lehendabizikoa azaroaren 5ean jokatuko da eta bigarrengoa, urtarrilaren 28ean. Hala ere, aurretik lehendabiziko partidua jokatu behar dute gaur. Hernanik Eibarrera bidaiatuko du, 18:15etatik aurrera hasiko den partidua jokatzera. Eibarren bigarren taldea da eta ikusteko dago zer maila izango duen. Mundarroren bigarren taldea Alegin estreinatuko da 16:15etatik aurrera Elordi Aldaparen aurka.