Etxean jokatzen dutela baliatuta, aurkari zailen kontra puntuak pilatzen saiatuko dira futbol talde nagusiak

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 30a, 00:00

Reala ahaltsuaren aurka jokatuko du gaur arratsaldean Hernanik.

Gaur arratsaldeko 16:00etan jokatuko dute Hernaniko eta Mundarroko gizonezkoen taldeek, Ordiziaren eta Vasconiaren aurka. Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak 18:00etan jasoko du Realaren bisita. 

Pasa den asteburuko dinamika onari eutsi nahi diote bailarako futbol talde nagusiek. Aurkari gogorren kontra jokatuko dute jardunaldi honetan, baina, abantaila modura, etxean izango dira partidu guztiak. 

Arratsaldeko 16:00etan hasiko da Ohorezko Erregional mailako mutilen norgehiagoka. Berdeek Ordiziaren bisita jasoko dute ligako laugarren jardunaldian, eta denboraldiko bigarren garaipenaren bila irtengo dira zelaira. Oraingoz, garaipen bat, berdinketa bat eta porrot bat jaso ditu Hernanik, eta pixkanaka erregularragoak izatea da taldekideen nahia; horretarako, etxeko partiduak baliatu beharko dituzte. Ordiziak ere ez du nahi bezain ondo hasi denboraldia, lehenengo hiru jardunalditan garaipen bat eta bi porrot jasota. 

Ordu berean hasiko da Mundarroren eta Vasconiaren arteko partidua, Zarkumendegin. Hirugarren jardunaldia izango da moreentzat, eta aurreko asteko emaitza onari jarraipena eman nahi diote etxean. Nahi baino gehiago sufritzen ari da Mundarro liga hasiera honetan, eta partiduak gehixeago kontrolatzeko pausua eman nahi dute astigartarrek. Gaurkoan ere aurkari gogorra izango dute aurrean. 

Arratsaldeko 18:00etan hasiko da gaurko azken partidua. Emakumezkoen Euskal Ligako taldeak Realaren kontra jokatuko du. Hernaniarrek ligako aurkari zailenetako bat jasoko dute etxean, eta proba ona izango da taldearen egokitzapen fasea nola joan den neurtzeko. Hasiera zaila egokitu zaio taldeari kategoria berrian, eta, momentuz, emaitza txukunak lortu ditu. Kontuz ibili beharko dute Txuri Urdinen erasoko jokalariekin, lehenengo hiru jardunalditan 16 gol sartu baitituzte. 

Gaur eguerdian jokatuko du Jubenil Nazionalak

Jubenil Nazionalak ere Zubipen jokatuko du asteburu honetan. Gaur, eguerdiko 12:00etan, Beasainen kontra jokatuko dute berdeek. Alavesen aurka lehenengo garaipena lortuta, pisu haundia kendu dute gainetik hernaniarrek, eta konfiantzarekin iritsiko dira gaurko partidura. Goierriko taldeak oraindik ez du partidurik irabazi, baina aurkariak asko estutu ditu denboraldi hasierako norgehiagoketan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!