Mundarro eta C.D. Hernaniko pelotariek guztira 20 partidu inguru jokatuko dituzte asteburu honetan, momentu honetan jokatzen ari diren txapelketa ofizial eta pribatu ezberdinetan. Horietako gehienak atzo ostiralean jokatu ziren, baina oraindik ere programa interesgarria izango da Hernaniko frontoian, esaterako.
Gipuzkoako Binakako Txapelketan, jubeniletan lehenengo mailan, Iturbe eta Legarretak Intxurreko bikotearen aurka jokatuko dute, kiroldegian, 10:00etatik aurrera. Erreleboa hartuko dute ondoren Olazabal eta Urdangarinek, Ilunperen aurka, bigarren mailan.
Azkenik, bihar 11:00etan, Andoaingo Arrate pelotalekuan, 22 azpiko Unax Manterolak Diario Vasco txapelketaren lehenengo kanporaketa jokatuko du, Zazpi Iturri taldeko Plazaolarekin bikotea osatuz. Arerioak Iraeta-Egiguren izango dira (Tolosa- Ilunpe) eta nerbioak ondoen kontrolatzen dituenak asko izango du irabazita partiduan.
Gartzaronen, txapelketa pribatua
Gartzaron, Basaburuko herri nafar txikian txapelketa ari dira jokatzen eta bertan Hernaniko bost pelotari ariko dira gaur eta bihar. Ormazabal-Arsuaga eta Salaberria-Labaka bikoteek gaur arratsaldean jokatuko dute zehazteke dauden aurkarien kontra. Bihar goizean Alegria bikotearen txanda izango da.