Hernaniko seniorrek gaur hasiko dute liga Leizaranen aurka

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 30a, 00:00

Gipuzkoako bigarren mailan jokatuko dute gaurko partidua, eta 18:30etan hasiko da.

Aurreko astean jubenilak estreinatu ziren denboraldi ofizialean, eta asteburu honetan talde seniorrek hasiko dute denboraldia. Bailaran Hernaniko mutilek bakarrik jokatuko dute senior mailan eta Gipuzkoako Liga gaur bertan, 18:30etan, hasiko dute bigarren mailan. Lehenengo aurkaria Andoaingo Leizaran izango da. 

Ilusio haundiarekin ekingo diote 23-24 denboraldiari. Aurreneko partiduak taldeen maila neurtzeko balio izaten dute. Hernaniren nahia lehenengo fasean ahalik eta postu hoberenean sailkatzea da. 15 taldek osatzen dute maila eta bi multzotan daude banatuta. Hernaniri A multzoa egokitu zaio Saieko, Leizaran, Donibane, La Salle, Egia, Txingudi eta Pulporekin batera. B multzoa zazpi taldek osatzen dute.

Ongi hastea garrantzitsua da eta etxean jokatzeak lagunduko du gaur. Hernanik talde gaztea du eta batzuetan jubeniletan jokatzen duten jokalariekin osatzen du taldea. Hala ere, gaur bertan, 17:30etan, jubenilak ere Leizaranen aurka neurtuko dituzte indarrak Andoainen eta, beraz, seniorrek ezingo dute beraien laguntzarik izan.

Jubenilek pasa den astean hasi zuten denboraldia garaipenarekin eta denboraldi ona osatu nahi dute. Horretarako bidean gaur Andoainen irabaztea pauso berri bat litzateke.

Mundarrok Errenterian jokatuko du eta Hernanik Bidasoaren kontra

Pasa den astean, neska jubeniletan, Mundarroren eta Hernaniren arteko derbiarekin hasi zen denboraldia. Astigartarrak nagusitu ziren eta, beraz, moreek ezin hobeto hasi zuten denboraldia. Gaur bigarren partidua izango dute eta Mundarrok Errenteriko kiroldegian jokatuko du eguerdian, 12:30etatik aurrera, Ereintzaren aurka. Errenteria tradizio askoko herria da eskubaloian eta Ereintza klub historikoa da. Beti izaten da talde lehiakorra, nahiz eta aurreneko jardunaldian galdu egin zuen. Hernaniko neskek kiroldegian Bidasoa izango dute aurkari, gaur 16:30etatik aurrera. Hernanik aurreko asteko porrota gainditu nahi du, baina aurkariak ere lehendabiziko garaipena nahi du.

Kadeteen bi partidu, Hernaniko kiroldegian

Kadeteek ere jardunaldi berri bat izango dute. Hernaniko nesken bi taldeek talde donostiarren aurka neurtuko dituzte indarrak; Saieko La Sallen, eta Bera Bera, gaur 10:00etan, kiroldegian. Mutilek Tolosa izango dute aurkari gaur eguerdian, 13:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!