Guztiz borobila izan ez den arren, asteburu ona izan da Urumea bailarako futbol talde nagusientzat. Etxetik kanpo eta aurkari gogorren kontra jokatu duten arren, guztiek lortu dute puntuak gehitzea.
Euskal Ligako nesken taldetik hasita, denboraldiko lehenengo garaipena lortu zuen Hernanik. Oiartzunen jokatu zuten hirugarren jardunaldiko partidua, eta jokalariek ez zuten hutsik egin. Partidua gogorra izan zen Hernanirentzat, lehenengo zatian etxeko taldea izan zen nagusi, eta 2-1 iritsi ziren atsedenaldira. Alabaina, aldageletatik indarberrituta atera ziren Hernaniko jokalariak, eta Cesiaren eta Eleneren golei esker markagailua iraultzea lortu zuten. 2-3 amaitu zen norgehiagoka. Asteburu honetan kategoriako talde gogorrenetako baten bisita jasoko du Hernanik; Realaren aurka jokatuko dute berdeek. Lehenengo hiru puntuak eskuratuta, joko onari jarraipena ematea izango da helburua.
Mutrikutik puntu bakarrarekin itzuli ziren Ohorezko Erregional mailako mutilak. Partiduko agintea aldatzen joan zen minutuen joanean; lehenengo zatia 1-0 amaitu zen, eta bigarren zatiko lehenengo minutuetan berdeek buelta eman zioten markagailuari. Pello Alberdik eta Beñat Olivenzak egindako golei esker garaipena usaintzen hasiak ziren hernaniarrak, baina azken minutuetan berdinketaren gola sartu zuen Mutrikuk. Hala, 2-2 amaitu zen partidua. Asteburu honetan etxean jokatuko dute mutilek ere, Ordiziaren aurka.
Hernaniko taldeekin jarraituz, garaipen baliotsua eskuratu zuen Jubenil Nazionalak. Alavesen kontra jokatu zuten etxetik kanpo, eta 0-1 irabaztea lortu zuten, denboraldiko lehenengo hiru puntuak gehituta.
Azken minutuetan erabaki zen Mundarroren garaipena
Emozio haundiko partidua jokatu zuten Mariñok eta Mundarrok. Lehenengo zatia pisutsua izan zen, inork ez zuen jokoaren agintea eskuratu, eta golik sartu gabe joan ziren aldageletara. Bigarren zatian ideia argiagoekin zelairatu ziren astigartarrak, eta aukera gehiago sortzea lortu zuten. Hala ere, Mariñok eman zuen lehenengo kolpea; 85 minutuan egin zuten irundarrek partiduko lehenengo gola. Mundarrok ez zuen amore eman, eta luzapenean bi gol sartzea lortu zuten, Zabalaren
eta Martinen bitartez. Datorren astean Baskoniaren bisita jasoko dute Zarkumendegin.