Sendo jarraitzen dute maila gorenetan ari diren bailarako bikoteek, Gipuzkoako Txapelketan, aurreneko bi partiduak jokatuta. Ohorezko mailan, bigarren garaipena lortu zuten Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga hernaniarrek, ostiralean Azpeitin, Ilunpeko Egiguren eta Labaka menderatuta (19-22). Bikain ekin diote, semifinaletara sailkatzeko bidean.
Eta halaxe hasi dute txapelketa Eñaut eta Ekain Lizeaga astigartarrek ere, lehenengo mailan. Ostiralean, 17-22 nagusitu ziren Errenterian, Epleko Tabernaren eta Xabi Ortiz de Urbina hernaniarraren kontra. Bigarren garaipena pilatu zuten horrela.
Xabier Apaolaza, Abanca-DV Txapelketatik kanpo
Gozotik bezala, gazitik ere izan du asteburuak, Xabier Apaolaza hernaniarrarentzat. Izan ere, Gipuzkoako Txapelketako partidua irabazi ondoren, Abanca-DV Torneoko kanporaketa jokatu zuen larunbatean Getarian, Oberenako Apeztegiarekin: eta 17-22 galdu zuen, Lapkeko Irribarriaren eta Errekako Cuairanen kontra. Hortaz, txapelketatik kanpo geratu da hernaniarra.
Torneo berean, azaroan jokatuko dute bailarako beste hiru pelotarik: Beñat Apezetxea goizuetarra eta Ekain Lizeaga astigartarra elkarrekin ariko dira, azaroaren 10ean Idiazabalen; eta Antton Apezetxea goizuetarrak Zubizarretarekin osatuko du bikotea, azaroaren 24an Soraluzen.
Azkeneko astea, CD Hernaniko pelota eskolan apuntatzeko
Bestalde, CD Hernanik gogorarazi du ostiral honetan bukatuko dela epea, esku pelota eskolan apuntatzeko. Interesatuek kiroldegiko frontoira joan behar dute, edozein egunetan 17:00etatik 19:00etara, eta Rufino Rekalde delegatuarekin hitz egin.