Hasiera onari segida, Galdos-Otxoa eta Eizmendi-Macicior bikoteek

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 26a, 00:00

Enara Macicior hernaniarra, pelota jotzeko prest, aurreko partidu batean.

CD Hernaniko bi bikoteek lortu dute garaipena, Gipuzkoako lehenengo mailako bi partiduetan.

Bigarren jardunaldia jokatu dute Urumea bailarako palistek, Gipuzkoako Txapelketan, kategoria ezberdinetan. Eta nesken lehenengo mailan, ezin hobeto ekin diote CD Hernaniko bi taldek, bina garaipen lortuta. Batetik, Enara Macicior hernaniarrak jokatu du, Eizmendi ahizpa aiatarrekin: Garazi Eizmendirekin aurrenekoan, eta Nahia Eizmendirekin bigarrenean. Azkeneko honetan, Ataungo Aldasoro eta Lopez menderatu dituzte (18-30). Eta bestetik, bi garaipenekin ekin diote Leire Galdos oiartzuarrak eta Naroa Otxoa etxarriarrak ere. 

Maila berean ari dira Amaia Irazustabarrena eta Ane Kerejeta hernaniarrak ere, Miren Goikoetxea urnietarrarekin taldea osatuta; eta jokatutako bi partiduak galdu dituzte orain arte: CD Hernaniko beste bi bikoteen kontrakoak, hain juxtu.

Mutil nagusien lehenengo mailan, berriz, txapelketa hasiera zaila izan dute Alain Agirre hernaniarrak eta Beñat Zubiarrain astigartarrak. Mundarroko bikoteak galdu egin ditu aurreneko bi partiduak, kategoria gorenean estreinatu diren honetan. Ostiralean Azkoitiko Epelde eta Zabaleta nagusitu zitzaizkien (25-19).

Hernanik sei talde nesketan, eta Mundarrok hiru mutiletan

Bailarako bederatzi talde ari dira Gipuzkoako Txapelketa honetan. Zehazki, nesketan sei talde osatu ditu CD Hernanik, eta aldiz, mutiletan hiru talde Mundarrok.

Aurrez aipatutakoez gain, nesken bigarren mailan ari dira Hernaniko beste bi talde. Bikain ekin diote Maddi Iriondo eta Joana Tolaretxipi hernaniarrek, aurreneko bi partiduak irabazita. Joan den igandean, esaterako, partidu gogorra jokatu zuten Beotibar taldeko Arambururen eta Lopetegiren kontra, eta 27-30 nagusitu ziren. Laia Garmendia hernaniarrak eta Irati Miner ereñotzuarrak, aldiz, galdu egin dituzte lehenengo bi partiduak.

Neska jubeniletan osatu du seigarren taldea Hernanik, Irati Olveirarekin eta Irati Saralegirekin. Oraingoz, galdu egin dituzte jokatutako biak.

Mundarrok, berriz, mutil nagusien hirugarren mailan izango ditu bi bikote, lehenengo mailakoaz gain. Aurreneko jardunaldian atseden hartu ondoren, bikain ekin diote Asier Luluagak eta Ganix Urdangarinek, Altzatarrako Irastorza eta Sola menderatuta (25-9). Beste taldea Asier Larramendik, Argoitz Otañok eta Xabi Goizuetak osatu dute, baina ez diote nahi bezala ekin: aurreneko bi partiduak galdu baitituzte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!