Asteburu honetan hasiko dute Gipuzkoako Liga, jubenil eta kadete mailetako eskubaloi taldeek. Eta derbiarekin ekingo diote neska jubenilek, elkarren kontra ariko baitira Mundarro eta Hernani: bihar goizeko 11:00etan hasita, Astigarragako kiroldegian.
Errebantxa moduko bat izango da, gainera. Izan ere, aurrez aurre aritu ziren joan den asteburuan ere, Astigarragan bertan, Urumea Ibaia Txapelketaren bigarren edizioan. Biak sailkatu ziren finalera, eta Hernani nagusitu zen orduan.
Mutil jubeniletan, berriz, etxean hasiko du liga Hernanik, bihar eguerdiko 12:00etan. Zarautz hartuko du kiroldegian, denboraldia garaipen batekin hasten saiatzeko.
Kadete mailako taldeei dagokienean, gaur ekingo diote Hernaniko neskek, etxean: Pulporen kontra ariko dira, 13:00etan kiroldegian. Hernaniko mutilek, berriz, Bidasoa Irunen kantxan jokatuko dute bihar, 12:00etan Artalekun.
Hernaniko mutil seniorrek, bere aldetik, datorren asteburuan hasiko dute denboraldia, Gipuzkoako bigarren mailan. Leizaranen kontra jokatuko dute estreinakoa, etxean. A multzoan ariko dira hernaniarrak, beste zazpi talderekin batera.