Europako Txapelketako iraupen proban bihar, Xabier Mikel Azparren

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 23a, 00:00

Xabier Mikel Azparren, Europako Txapelketaren erlojupekoan. Argazkia: RFEF

Astigartarra 22garren izan zen erlojupekoan, eta Enekoitz anaia 36garren 23 urtez azpikoen iraupenean.

Europako Txapelketak jokatzen ari dira egunotan Herbehereetako Drenthe probintzian; eta bertan aritzeko deitu ditu Xabier Mikel eta Enekoitz Azparren astigartarrak, Espainiako hautatzaileak: elite mailako erlojupekorako eta iraupen probarako Xabier Mikel, eta 23 urtez azpikoen iraupen probarako Enekoitz.

Dagoeneko jokatu dituzte aurreneko biak. Asteazkenean, erlojupekoan 22garren sailkatu zen Xabier Mikel Azparren, 28,7 kilometroko ibilbidea 33:54 denboran osatuta, Joshua Tarling irabazleak baino 2:24 gehiago. Atzo, berriz, Enekoitz Azparrenek jokatu zuen bere proba, 136,5 kilometrokoa; eta 36garren sailkatu zen astigartarra, munduko txirrindulari gazte onenen artean.

Bihar izango du iraupen proba Xabier Mikel Azparrenek, 200 kilometrokoa. Eguerdiko 12:15etan abiatuko dira eliteko txirrindulariak, Assen hiritik. Honakoak izango ditu taldekide: Fernando Barceló, Jon Barrenetxea, Víctor De La Parte, Imanol Erviti, Jesús Ezquerra, Iván García Cortina eta David González.

 
Altzora irteera bihar, Zikuñako Amako zikloturistek

Zikloturistei dagokienean, urteko 26garren irteera egingo du bihar Zikuñako Ama taldeak. Zinkoeneatik abiatuko dira 08:30etan, eta Altzora joango dira, 56 kilometroko ibilbidea osatzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!