Hernani aurreneko garaipenaren bila Oiartzunera, Euskal Ligan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 23a, 00:00

Maddi Grijalba hernaniarra, Elorrioren kontra, aurreko asteburuko partiduan.

Berdeek gaur jokatuko dute, 15:30etan Karla Lekuonan, oraindik punturik gabe dagoen talde baten kontra.

Lehiakorra ari da izaten Hernani, nesken Euskal Ligara bueltatu den honetan, denboraldiko aurreneko partiduetan. Baina lehenbailehen lortu nahi du aurreneko garaipena taldeak, joan den astean Elorriorekin berdindu ondoren; eta asmo horrekin joango da Oiartzunera, gaur arratsaldean. Karla Lekuona zelaian jokatuko du, 15:30etan hasita, Oiartzunen kontra. Punturik lortu gabe daude oiartzuarrak oraindik, aurreneko bi partiduak galduta.

Mutilen Ohorezko Erregional mailan ere, etxetik kanpo ariko da Hernani, joan den asteko garaipenari segida eman nahian. Mutrikuren kontra jokatuko du gaur, 16:30etan San Miguel zelaian. Ez dute konpromiso erraza izango berdeek, baina horrelako partiduetan lortu beharko dituzte garaipen garrantzitsuak, aurten ere igoeraren lehian aritu ahal izateko.

Talde berdeari dagokionez, Gasteizen ariko dira Liga Nazionaleko mutil jubenilak, Alavesen kontra. Bihar arratsaldean jokatuko dute, José Luis Compañón zelaian, 16:00etan hasita. Estreinako puntuen bila ariko da Hernani.

Mundarroren talde nagusiak, berriz, Irunera joan beharko du gaur arratsaldean: Mariñoren kontra jokatuko dute moreek, 15:30etan Ugalde Ventasen. Estreinako partiduan etxean jasotako porrota ahaztu, eta garaipenaren bila joango dira astigartarrak.

Derbia, mutil erregionalen lehenengo mailan

Urumea bailarako derbi bat ere jokatuko da asteburu honetan, mutil seniorretan: Hernaniko eta Mundarroko bigarren taldeek jokatuko dute elkarren kontra, erregionalen lehenengo mailan. Zubipen izango da partidua, gaur bertan, arratsaldeko 16:30etan hasita.

Denboraldiko aurreneko partidua izango da haientzat, eta beste hainbat kategoriatan ere hasiko dute liga bailarako taldeek, asteburu honetan: jubenil, kadete eta infantiletan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!