Hasi dira aurtengo «uzta haundia» biltzen, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 23a, 00:00
Euskal Sagardoko ordezkariak, Sagardoetxeako kideak, sagardogileak eta instituzioetako ordezkariak, Otalarrean.

Aurreikusi bezala, sagar uzta oparoa izango da aurtengoa, eta sagarrak biltzen hasi diren honetan, aurkezpena egin du Euskal Sagardoak: «Sagastirik gehienek sagar asko dute, eta oso osasuntsua eta ale haundikoa, poliki-poliki hazi eta heldu dena, udarako eguraldia medio».

Bihar ospatuko dute sagar uzta berriaren egun haundia, Astigarragako Foru Plazan; baina dagoeneko hasita daude sagarrak biltzen, sagasti gehienetan. Hala jakinarazi zuen Euskal Sagardoak, sagar uzta berriaren aurkezpenean, joan den asteartean, Villabonako Otalarrea sagastian.

«Hasi dira sagar biltzen, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturako 250 sagastietan. Sagar urtea egokitu da aurten, eta uzta haundia espero da sagastirik gehienetan», azaldu zuten. Sagar asko bakarrik ez, kalitate onekoa izango dela ere nabarmendu zuten: «Oso sagar osasuntsua izango da, eta ale haundikoa, poliki-poliki hazten eta heltzen joan baita, udarako eguraldia medio. Loraldi bete-betekoa izan zuten sagasti gehienek udaberrian, eta sagar asko hartu dute sagarrondoek. Gainera, udara nahiko euritsua izan da, eta sagar aleak asko hazi dira».

Aurtengo uzta «orokorrean» iazkoa baino lehenago iritsi dela ere azaldu zuten aurkezpenean: «Sagar motak, zonaldeak, heldutasun puntuak eta sagardogileen gustuek zehaztuko dute bilketa garai zehatza, baina irailetik azarora bilduta izango da bertako sagar guztia, bai Gipuzkoan, bai Bizkaian eta baita Araban ere».

Sagar mota guztientzako izan da uzta oparoa, eta horrek «lan egiteko aukera paregabea» emango die sagardogileei, «gustuko sagar motatik sagarra aukeran izango baitu, gezak nahiz gaziak». 

 

«Gero eta sagar gehiago», bertako sagastietakoa

Oraindik «goizegi» da sagar kopuruari buruzko datu zehatzak emateko, baina «6 milioi kilo sagar baino gehiago» biltzea aurreikusi dute, Euskal Sagardora bideratutako sagastietan. Zentzu horretan, nabarmendu dute «gero eta sagar gehiago» ari dela izaten bertako sagastietan, «dauden sagastiak zaindu, eta sagasti berriak aldatu eta produkzioan sartu ahala». Bide horretan, gainera, «sagargile eta sagardotegien arteko akordioak» lotzen ari da Euskal Sagardoa Jatorri Deitura, «luzerako elkarlana baita bertako produkzioa haunditu, sektoreak indartu, produktuak posizionatu eta kalitatea bermatzeko modurik egokiena».

Hori horrela, sagargileei dei egin diete datozen urteetarako: «Sagarra lantzeko interesa badute, aldez aurretik jarri daitezela harremanetan sagardogileekin eta Euskal Sagardoarekin, akordioak bilatu eta sagarraren kudeaketa denborarekin lotzen joateko.  Izan ere, sagasti berri horiek azkeneko orduan mugitzeak arazoak sortu litzake, behin bilketa eta upeltegien lana planifikatuta dagoenean».

Bertako sagarraren ekoizpena haunditzea da Euskal Sagardoaren helburuetako bat. 250 sagargile eta 500 hektarea sagasti inguru daude Jatorri Deituraren barruan, une honetan. Sagar hori guztia,  50 sagardotegietara joaten da, Euskal Sagardoa ekoizteko: «Sagasti hauetan zahar eta berriak daude, eta beste 150 hektarea dira produkzioan sartu berriak edota datozen urteetan produkzioan sartuko direnak», azaldu dute. Horien artean, Gipuzkoan jarri dira sagasti berri gehien, «Foru Aldundiak emandako laguntzaren pean gehienak. Bide horretan, sagasti berriak jartzen saiatzeko ahalegin eta konpromisoak aurrera darrai, sektorearen eta Aldundiaren eskutik; eta helburua da sagar sektorea profesionalizatzen jarraitzea, kalitatezko uzta orekatuak lortzeko bidean».

Bertako sagarra gero eta gehiago izateko asmoak badu jomuga bat, administrazioak eta sektoreak zehaztu zutena, Euskal Sagardoa Jatorri Deitura sortu zutenean: 15 urteko epean %100 bertako sagar hutsez egitea hemengo sagardo guztia; alegia, Euskal Sagardoa zigilupekoa izatea ekoiztuko den sagardo guztia. 

Dena den, argitu dute badela «arazo bat», urte asko dituzten sagasti txikietan: «Belaunaldi-errelebo falta, azken urteetan nabarmentzen ari dena. Sagastiak zaindu eta sagarra biltzeko jendea falta da, eta gero eta gazte gutxiago dago baserrietan lan egiten duena». Gai horri heldu dio Jatorri Deiturak, adminsitrazioekin batera.

 

Argoitz Otaño sagarrak biltzen, Petritegiko sagastian.
 

Hiru proiektu estrategiko, martxan

Sagasti berriak jartzeaz gain, teknikoki garatu beharreko «lehentasunezko hiru proiektu» aurkeztu zituen Euskal Sagardoko sagar sektoreak joan den urtean, eta horiek probatzen hasi dira aurten, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Poliniazioari eskainitakoa da aurrenekoa: «Sagarrak, beste sagar mota bat behar du inguruan polinizatzeko, eta sagar mota desberdinen arteko polinizazio gaitasuna neurtzea ezinbestekoa da sagasti berriak planifikatzeko. Bertako sagar motek elkar polinizatzeko duten gaitasuna aztertzen ari da sagar sektorea, Fruitel elkartearen eskutik.n (Nafarroako Unibertsitate Publikoarekin batera egin da proiektua, eta emaitzak badauzkagu dagoeneko», azaldu dute.

Bakanketari dagokio bigarren proiektu estrategikoa: «Sagar asko den urteetan, sagarra bakantzea garrantzitsua da, urtero uzta orekatuagoak izateko. Azken urteetan, hainbat sagar motarekin egin da entsaioa; sagasti desberdinekin eta sagar mota desberdinekin. Lehenengo emaitzak badauzkagu dagoeneko». Eta hirugarren proiektuak, lurraren lanketa dauka jomuga: «Gero eta garrantzia haundiagoa ematen zaio lurraren lanketari eta osaketari, eta horretan sektorea formatzea ezinbestekoa da, uztak orekatzeaz gain, kalitatezko sagarra izateko. Hainbat ikastaro egin ditu sagar sektoreak horren bueltan».

 

106 sagar mota, Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak

Barietate oso zabala daukate bertako sagastiek, eta 106 sagar mota dauzka onartuta Euskal Sagardoa Jatorri Deiturak. Zentzu horretan, ez da kasualitatea Otalarrea sagastian aurkeztu izana sagar uzta berria. Gipuzkoako Foru Aldundiaren sagasti esperimentala da Otalarrea, eta bertan dago «sagardo-sagar kolekzio nagusia».

Horietatik, 24 dira gehien erabiltzen direnak, gaziak eta gezak. «Horien nahasketa egokiak emango dizkio sagardoari bere ezaugarriak, eta sagardotegi bakoitzak bilatzen du bere gustuko nahasketa eta sagardoa». Honakoak dira, hain juxtu, gehien erabiltzen diren 24 sagar mota horiek: gaziak, Errezila, Goikoetxe, Txalaka, Urtebi Haundi, Frantzes Sagarra, Bostkantoi, Haritza, Azpeiti Sagarra, Manttoni eta Ibarra; gezak, Gezamiña, Urdin, Mozoloa, Patzuloa, Mikatza, Udare Marroi eta Txori Sagarra; eta gazi-gezak, Moko, Limoi, Merabi, Mokote, Urtebete, Urtebi Txiki eta Saltxipi.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!