Dagoeneko zabaldu dute epea, 19. Kameratoian izena emateko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 21a, 00:00

Gazte talde bat, iazko Kameratoian lanean. Argazkia: 'Topagunea.eus'.

Ikus-entzunezkoen lehiaketa izango da urriaren 20tik 22ra bitartean Lekeition, 46. Euskal Zine Bilera jaialdiaren baitan.

Euskaltzaleen Topaguneak Kameratoiaren 19. edizioa ospatu­ko du urriaren 20tik 22ra bitar­tean, Lekeition, 46. Euskal Zine Bilera jaialdiaren baitan. Lehiaketa honetan parte hartzeko aukera dute 18 eta 26 urte bitarteko gazteek, eta izena emateko epea dagoeneko zabalik dago. Topagunearen webgunean egin behar da, honako helbidean: irudienea.topagunea.eus/izen-emate-fitxa.

Edizio honetan, Ereñotzun bizi den Estibaliz Urresola zuzendaria ariko da epaile lanak egiten, 20.000 especies de abejas filmarekin arrakasta haundia izan duena. Berarekin batera, Aitzol Saratxaga bilbotarrak osatuko du epaimahaia, iazko Euskal Zine Bileran zuzendari onenaren saria irabazi zuena, Lanbroa filmarekin.

Gainera, lehiaketako partaideek doako soinu masterclassa izango dute Asier Renteria soinu ekoizlearen eskutik, lehiaketa hasi baino lehen: urriaren 20an, arratsaldeko 18:00etan Le­keitioko Kultur Etxean.

Formazio saioa amaituta, Estibaliz Urresolaren eskutik jakingo dute partehartzaileek, zein izango den aurten landu beharreko gaia; eta beraz, 36 ordu izango dituzte laburmetraia osatzeko. Modu horretan, urriaren 22ko eguerdia baino lehen entregatu beharko dituzte ikus-entzunezkoak.

Topaguneak jakinarazi du, esperientzia ahaztezina izateko eta partaideei bidea errazteko, ondorengoa eskainiko duela: «Izena eman duten aurreneko 20 partaideek, urriaren 20ko gaua doan pasako dute Lekeition». 

Sariei dagokienez, film labur onenak 800 euroko saria izango du, eta bigarrenak 350 euro. Gainera, biak sailkatuko dira Topaguneak Durangoko Azokan antolatzen duen DemaSA lehiaketarako. Gainera, urriaren 22an bertaratuen boto gehien jasotzen duen lanak, Publikoaren Saria eskuratuko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!