Pello Errota sariketan arituko dira Eli Pagola eta Eñaut Martikorena

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 20a, 00:00

Ikaztegietan arituko da Martikorena.

Ostiral honetan abestuko du Pagolak eta datorrenean Martikorenak. Finala urriaren 20an izango da, Asteasun. 

Tolosaldeako Harituz Bertsozale Taldeak antolatuta, III. Pello Errota Bertsolari Sariketa jokatuko da datozen asteetan. Bi kanporaketa saio eta finala izango ditu aurtengo edizioak, eta Urumea bailarako bi ordezkari arituko dira kantuan; Eli Pagola eta Eñaut Martikorena. 

Lehenengo kanporaketan arituko da Pagola. Berrobin izango da bertso afaria, irailaren 22an, arratsaldeko 20:30etan hasita. Pagolarekin batera, Sarai Robles, Iñaki Gurrutxaga, Haira Aizpurua, Unai Mendizabal eta Beñat Zeberio arituko dira kantuan. Gai jartzaile lanak, berriz, Joanes Zubiaren esku izango dira. Saio honetarako txartelak Iriarte Jatetxean, herriko dendan eta 670 207 814 zenbakira bizum bat eginda eskuratu daitezke, 25 eurotan. 

Berrobin abestuko du Pagolak.
 

Bigarren kanporaketa Ikaztegietan jokatuko da astebete beranduago, irailaren 29an. Bertan abestea egokitu zaio Martikorenari, eta kantukide izango ditu Jexux Mari Irazu, Maialen Akizu, Maddi Ane Txoperena, June Aiestaran eta Eki Mateorena. Gai jartzailea Imanol Artola 'Felix' izango da. Bigarren kanporaketarako sarrerak Ikaztegietako ostatuan edota bizum bidez (670 207 814) eskuratu daitezke, hauek ere 25 euroren truke. 

Kanporaketa saioetan honako ariketa hauek osatu beharko dituzte bertsolariek: zortziko haundian ofizioka; zortziko txikian ofizioka; hiru puntu erantzun; koplatan, denbora emanda, ofizio bat; eta bina bertso ganbarako lanean. 

Finala urriaren 20an izango da, Asteasuko Iturri-Ondo jatetxean. Kanporaketa bakoitzeko lehenengo bi sailkatuek eskuratuko dute finalean kantatzeko txartela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!