Giro ederra protagonista eta Mundarro-Hernani derbia finalean, txapelketa borobila izateko

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 19a, 00:00

Mundarroko jokalari bat, Irauliren kontrako semifinalean, goletako bat sartzeko puntuan.

Hernaniarrek irabazi zuten Urumea Ibaia eskubaloi txapelketaren bigarren edizioa, finalean Mundarro menderatuta. Egun osoan zehar jokatu zituzten partiduak Astigarragako kiroldegian, eta elkarrekin bazkaldu zuten.

Eskubaloiaren festa bizitu zuten Astigarragan, beste urte batez, igandean. Urumea Ibaia txapelketaren bigarren edizioa jokatu zuten, goizean hasi eta arratsaldera bitarte; eta borobila izan zen eguna: giro ederra izan zen protagonista, kantxan zein harmailetan; eta Mundarroren eta Hernaniren arteko derbia izan zen finalean. Azkenean, hernaniarrek lortu zuten sari nagusia, jokatutako sei partiduak irabazi ondoren.

Hernaniko jokalariak, txapeldunen koparekin, finala irabazi ondoren.
 

Ligaxkako partiduekin ekin zioten txapelketari, goizean; eta Hernani izan zen onena, partidu guztiak irabazita. Horrela, lehenengo postua eskuratu eta Urnietaren kontra jokatu zuen semifinaletako bat, arratsaldean. Bestea, berriz, Mundarrok eta Iraulik jokatu zuten, ligaxkan bigarren eta hirugarren sailkatu ondoren.

Aurreko hiru partiduetan erakutsitako nagusitasunarekin, finalera sailkatu zen Hernani, Urnieta menderatuta; eta emozio haundikoa izan zen beste semifinala: azkeneko segunduetan berdindu zuen Mundarrok (5-5), eta penaltietan lortu zuen garaipena, finalera sailkatzeko.

Mundarroko jokalariak poz-pozik, penaltietan semifinala irabazi ondoren.
 

Azkenean, Hernani nagusitu zen finaleko derbian, eta Iraulik irabazi zuen hirugarren posturako partidua.

Festa konpletoa izan zedin, joan den urtean bezalaxe, talde guztientzako bazkaria prestatu zuten eguerdian, indarrak berritzeko. Elkarrekin bazkaldu zuten jokalari eta teknikari guztiek, giro ederrean.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!