Aurreneko garaipena Hernaniko mutilek, estreinako puntua neskek, eta hasiera gazia Mundarrok

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 19a, 00:00

Aritz Oyarbide hernaniarra, baloia buruz jo berritan, Beasainen kontrako partiduan.

Aurreneko garaipena Hernaniko mutilek, estreinako puntua neskek, eta hasiera gazia Mundarrok

Gozotik eta gazitik izan du asteburuak, Urumea bailarako futbol talde nagusientzat. CD Hernaniren kasuan, denboraldiko aurreneko puntuak lortu dituzte Ohorezko Erregional Mailako mutilek, Beasain menderatuta (1-0); eta Euskal Ligako neskek, Elorriorekin berdinduta (0-0). Mundarrok, aldiz, liga hasiera gazia izan du mutilen Erregional Preferentean, etxean Touringen kontra galduta (1-2).

Ligako bigarren jardunaldia jokatu zuten CD Hernaniko bi taldeek, aurrenekoan porrota jaso ondoren. Estreinakoa zuten Zubipen, eta Ibai Ezeiza 'Xixa'ren golarekin lortu zituzten hiru puntuak mutilek, Beasainen kontra, larunbat goizean. Berdeek izan zituzten partiduko gol aukera nagusiak, eta bandetatik egin zuten min, erdiratzeak errematatuta. Horietako batean, gola egin bai baina jokoz kanpo egoteagatik kendu zuen epaileak. Azkenean, taldearen jokaldi eder baten ondoren, lurretik egindako erdiratze bat bidali zuen sareetara 'Xaxi'k, garaipena lortzeko.

Hutsean amaitu zen, aldiz, Hernaniko nesken eta Elorrioren artekoa, larunbat arratsaldean, Zubipen bertan. Izan zituzten gol aukerak berdeek, baina ez zuten asmatu azkeneko metroetan jokaldiak bukatzen. Denboraldiko aurreneko puntua eskuratu zuten, behintzat.

Enire Beain, jaurtitzeko prestatzen.

Punturik gabe gelditu zena Mundarro izan zen, denboraldiko estreinako partiduan, larunbatean Zarkumendegin. Ondo ekin zioten moreek partiduari, eta bereziki kornerretan egin zuten min, baita aurreneko gola ere; baina epaileak kendu egin zien gola, ustez atezainari falta egiteagatik. Ondoko irudian ikusi daiteke jokaldia.

Gol horren falta sumatuko zuten moreek gerora, 1-2 nagusitu baitzen talde errenteriarra. Bukaerara arte saiatu ziren astigartarrak, gutxienez puntu bat berreskuratzeko, etxeko zaleen aurrean; baina saririk ez zuen izan esfortzuak.

Atezainari falta egiteagatik kendu zioten gol hau Mundarrori, 15. minutuan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!