Ekain Lizeagak txapela, Altsasuko festetan

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 19a, 00:00

Zubizarretarekin batera lortu zuen garaipena, Fernandez eta Loza errioxarren kontra, igande arratsaldean.

Beste txapel bat jantzi du Ekain Lizeagak, bere bolada gozoari jarraipena emateko. Altsasuko Txapelketa irabazi du, herriko festen barruan jokatzen dena, Zubizarretarekin batera: 22-15 menderatu zituzten Fernandez eta Loza errioxarrak, igande arratsaldean, Burunda frontoian.

Final hori jokatzetik gertu izan ziren Beñat Apezetxea eta Antton Apezetxea goizuetarrak ere. Errioxarren kontra aritu zi­ren semifinalean, aurreko larun­batean; baina 11-15 galtzen ari zi­rela, eskuin eskuko behatz batean min hartu zuen Anttonek, eta partidua utzi behar izan zuen.

 

Hasiera konplikatua, Gipuzkoako Txapelketan

Joan den astean hasi zen Gipuzkoako Txapelketa ere, eskuz binaka; eta hasiera zaila izan dute CD Hernaniko eta Mundarroko bikoteek. Hernaniarren kasuan, hiru partidu irabazi eta sei galdu dituzte; eta Mundarrokoek, bat irabazi eta bestea galdu.

Bi kategoria gorenetan, behintzat, garaipena lortu dute bailarako esku pelotariek: Xabier Apaolaza eta Markel Lizeaga hernaniarrek, nagusien ohorezko mailan, Tartaloetxeko Elizegi eta Galdos 22-4 menderatuta; eta Eñaut eta Ekain Lizeaga astigartarrek, nagusien lehenengo mailan, Oiarpeko Etxeberriari eta Olaizi 22-15 irabazita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!