Doako tailerrak Nafarroan, tokiko sektorearentzat

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 18a, 00:00

Trebetasun teknikoak eta gizarte-trebetasunak lantzeko hainbat tailer eskainiko dituzte datozen bi hilabeteetan.

'Landa Nafarroa lotu' proiektuaren baitan, doako hainbat tailer prestatu dituzte Nafarroako tokiko ekintza taldeek. Tokiko sektoreari bideratutako tailerrak dira, trebetasun teknikoak zein gizarte-trebetasunak lantzeko. Online eskainiko dituzte, datozen bi hilabeteetan; eta saioaren grabazioa ere eskuragarri jarriko dute ondoren, saioren batera konektatzeko aukera izan ez duten horientzat.

Trebetasun teknikoak lantzeko, hiru tailer prestatu dituzte. Aurrenekoa izanen da Google Suite aplikazioari eskainitakoa, 'Nola eraman enpresa alde guztietara'. Sei saiotan eskainiko dute tailerra, ostiraletan, eguerdiko 12:30etatik 14:30etara: irailaren 22an eta 29an, eta urriaren 6an, 13an, 20an eta 27an.

Canva programarekin aurkezpen eraginkorrak prestatzen ikasteko izanen da bigarren tailerra, lau astelehenetan, eguerdiko 12:00etatik 14:00etara: urriaren 16an, 23an eta 30ean, eta azaroaren 6an. Eta hirugarrena, online dendarik ireki gabe interneten saltzeko aukerei buruzkoa izanen da. Azaroaren 3an, 10ean, 17an eta 24an eginen dute, ostiraletan, eguerdiko 12:30etatik 14:30etara.

Gizarte-trebetasunak lantzeko tailerrak, berriz, bi izanen dira, baina hainbat txandatan eskainiko dituzte. Batetik, bezeroen arretari eskainitako tailerra eskainiko dute, 'Nork bere burua eta produktua saltzen ikasi'. Irailaren 12an, 14an eta 15ean izanen da aurreneko txanda, eta irailaren 26an, 28an eta 29an bigarrena. Astearte eta osteguneko saioak 14:30etatik 17:30etara izanen dira, eta ostiralekoa 14:30etatik 16:30etara.

Bigarren tailerra honakoa da: 'Tokiko produktua dibertsifikatu eta hibridatu'. Lau txandatan eskainiko dute: aurrenekoa urriaren 3an, 5ean eta 6an; bigarrena urriaren 9an, 10ean eta 11n; hirugarrena azaroaren 7an, 8an eta 9an; eta laugarrena azaroaren 14an, 15ean eta 16an. Txanda bakoitzeko aurreneko bi saioak, 14:30etatik 17:30etara izanen di­ra; eta hirugarren saioa, be­rriz, 14:30etatik 16:30etara.

Izenematea internet bidez, formularioa beteta

Interesa dutenek, internet bidez eman behar dute izena tailerretan. Trebetasun teknikoak lantzeko ikastaroetan, honakoa da formularioa betetzeko helbidea: labur.eus/u9v9L. Gizarte-trebetasunak lantze­ko ikastaroren bat egin nahi duenak, berriz, helbide honetan bete behar du formularioa: labur.eus/fuFyy. Bi kasuetan, ikastaroa hasi baino egun batzuk lehenago bidaliko dute konektatzeko esteka.

Edozein zalantza izanez gero, 607 678 745 telefonora deitu daiteke, laguntza eske.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!