Euskal Jaien barruan jokatu da gaur, Tilosetan, emakumezkoen Euskadiko Aizkolari Txapelketaren kanporaketa. Bertan izan dira Malen Barrenetxea hernaniarra eta Ane Zapirain astigartarra, eta biek lortu dute finalera sailkatzea. Bederatzi aizkolari aritu dira lanean, sei txarteletako bat eskuratzeko; eta oso segundu gutxiren aldearekin sailkatu dira bailarako bi aizkolariak. Nerea Arruti urnietarra izan da onena (9:31), eta atzetik izan ditu Nerea Sorondo beratarra (10:20), Oihana Fernandez de Barrena herediarra (12:32), eta Maika Ariztegi iturendarra (14:11). Bosgarren eta seigarren izan dira Malen Barrenetxea (16:02) eta Ane Zapirain (16:09), azkeneko enborra ia parean moztuta; eta biek bota dute, oso gutxigatik, Maria Do Amparo lesakarrak markatutako denbora (16:13), finalera sailkatzeko. Beatriz Tanco sarrigurendarra (18:43) eta Garazi Arruti bilbotarra (18:45) izan dira azkeneko biak.