Gaur arratsaldean hasiko da denboraldia Mundarrorentzat, eta etxean jokatuko dute Hernaniko talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 16a, 00:00

Mailari eustea izango da Mundarroren helburua.

Arratsaldeko 16:00etan hasiko da Mundarroren eta Touringen arteko partidua. Hernaniko talde nagusien kasuan, gaur goizean Ohorezko Erregional mailako mutilek jokatuko dute, eta arratsaldean Euskal Ligako neskek. 

Amaitu dira prestaketa lanak Mundarrorentzat. Gaur arratsaldean ekingo diote astigartarrek 2023-2024 denboraldiari, etxean, Touringen aurka. Moreek lasaitasunez amaitu zuten liga aurreko urtean, mailari eustea lortu zuten, eta horixe izango da, hasiera batean behintzat, aurtengo helburua. 

Talde sendoa dauka Touringek. Multzoko goialdean amaitzea da errenteriarren helburua; beraz, ez da partidu erraza izango Mundarrorentzat. Pasa den urteko aurrekariei erreparatuz, Mundarroren aldera joan zen balantza, etxean batez ere. 2-1 irabaztea lortu zuten Zarkumendegin, eta 2-2 berdindu zuten Fanderian.

Aurreko urteko dinamikari jarraiki, etxeko partiduak oso garrantzitsuak izango dira moreentzat. Arratsaldeko 16:00etan hasiko da norgehiagoka. 

 

Lehenengo garaipena bilatuko dute Zubipen Hernaniko talde nagusiek

Etxera itzuliko dira gaur eta bihar Hernaniko hiru talde nagusiak. Goiztiarrenak Ohorezko Erregional mailako mutilak izango dira. 10:30etan Beasainen bisita jasoko dute Zubipen. Aritz Lujanbioren mutilek ez zuten nahi bezala hasi denboraldia, Tolosaren aurka galduta, eta lehenengo hiru puntuak lortzeko gogoz zelairatuko dira. 

Gaur arratsaldean emakumezkoen Euskal Ligako taldeak hartuko du lekukoa. 16:00etan hasiko da partidua, eta Elorrio izango dute aurrean. Egutegi zaila egokitu zaie hernaniarrei denboraldi berrian; lehenengo jardunaldian 3-0 galdu zuten Alavesen aurka, eta talde gogorra izango dute gaur ere aurrean. Maila berrira egokitzen ari da oraindik Hernani, eta etxean indartsuak izatea garrantzitsua da taldearentzat konfiantza hartzen joateko.

Etxeko debuta egiten azkenak Jubenil Nazional mailako mutilak izango dira. Bihar eguerdian jokatuko dute partidua, 12:00etan, Realaren aurka. Lehiakorrak direla erakutsi zuten berdeek lehenengo jardunaldian, Eibarren kontra partidu oso txukuna jokatuta. Orain, txuri-urdiñei partidua zailtzen saiatuko dira, hiru puntuak etxean mantentzeko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!