Denboraldi hasiera gozoa, Araitz Irazuk, Anartz Artolak eta Ander Amonarrizek

Kronika - Erredakzioa 2023ko ira. 14a, 00:00

Anartz Artola eta Ander Amonarriz, Idiazabalen, Agerre taldeko banderarekin.

Gautegiz-Arteagako lasterketan nagusitu zen Irazu, Axari Traileko proba motza irabazi zuen Artolak, eta luzean bigarren izan zen Amonarriz.

Ikasturte berria hastearekin batera, mendi lasterketen denboraldiari ere ekin diote Urumea bailarako korrikalari askok; eta hasiera gozoa izan dute, gainera. Gautegiz-Arteagako mendi las­terketan (17 km), esaterako, garaipena lortu zuen Araitz Irazu hernaniarrak (1:56:22).

Aldiz, Idiazabalgo Axari Trailen eman zion hasiera Agerre Mendi Lasterketa Taldeak, denboraldi berriari; eta sasoi betean ekin zioten taldeko korrikalariek. Proba motzean (16 km), erakustaldia emanda nagusitu zen Anartz Artola hernaniarra. Lesio baten eraginez, sei hilabetez egon da geldirik, eta aurreneko lasterketa zuen. Laugarren kilometroan egin zuen ihes, eta lau minututik gorako aldearekin nagusitu zen, probaren errekorra lortuta (1:11:42). Lasterketa berean, 43garren izan zen Julen Goikoetxea hernaniarra (1:35:44), 107garren Iñaki Etxenike herrikidea (1:55:12), 136garren Andoni Larralde goizuetarra (2:10:28), eta 149garren Txarli Gomez astigartarra (2:19:44).

Proba luzean (25,4 km), berriz, Ander Amonarriz hernaniarra aritu zen onenen pare, maila haundiko lehiakideekin: podiumera igo zen, bigarren sailkatuta (2:11:53), Walter Becerraren atzetik (2:09:45). Lasterketa berean, aurreko postuetan izan ziren beste hiru hernaniar ere: Xabat Alonso 13garren (2:26:08), Aitor Urruzola 23garren (2:35:14), eta Jon Murua 27garren (2:39:04). Aitor Lizaso astigartarra, berriz, 108garren izan zen (3:38:46).

Beste proba batzuetan ere izan da bailarakorik. Mikel Rosell hernaniarra, adibidez, 17ga­rren izan zen Atxondoko Sorginen Las­terketan (21 km), 2:32:03 denborarekin; eta Covaledako (Soria) Desafío Urbión proban (37 km) 79garren izan zen Hodei Lujanbio goizuetarra (4:59:44).

 

Ander Amonarriz, Espainiako Txapelketan igande honetan

Azkeneko urtean erakutsitako mailak saria izan du Ander Amo­narrizentzat, eta kilometro bertikalen Espainiako Txapelketa lehiatuko du igande honetan, Euskal Selekzioak deituta. Huescako Villanúa herrian izango da proba, 08:00etan hasita.

Anartz Artolak, bestalde, Golden Trail National Series ligako proba bat jokatuko du urriaren 1ean, Katalunian: Salomon Ultra Pirineuko 21 kilometroko lasterketan ariko da hernaniarra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!